Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak "Barinatxe hondartza berroneratzeko eta naturalizatzeko" lanak hasiko direla adierazi du: "ingurunea modu naturalean lehengoratzeko, zerbitzuen eraikina eta sarbide-arrapala osorik eraitsiz, eta hegala naturalizatuz eta hondartzan dauden dunak lehengoratuz. Lan horiek, berez, hesi- eta babes-efektua eragingo dute luizien aurrean, eta balio ekologikoa emango diote kostaldeko ekosistemari". Ondorioz, jakinarazten dio Sopelako Udalari 2026ko hondartza-denboraldirako ezingo direla eraikina eta jaitsiera-arrapala erabili.
Egoera horren aurrean, Sopelako Udaleko gobernu-taldeak (EHBildu eta Elkarrekin) bilera bat eskatu zuen urriaren 31n. Bilera azaroaren 13an egin zen, eta bertan izan ziren, Sopelako Udaleko ordezkariez gain, Getxoko Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundikoak, Eusko Jaurlaritzarenak ata Gobernuaren Ordezkariordetzako ordezkariak.
Aintzat hartuz Barinatxeko hondartzak 171.000 bisitari izan zituela 2025eko ekainetik irailera bitartean Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera; aipatutako bilera horren ondoren, Sopelako Udalak uste du Barinatxeko hondartza hiri barruko hondartza dela eta ondorioz naturalizazio-proiektuan irisgarritasuna, segurtasuna, garbiketa-beharrak eta surf eskolen jardueren garapen normala bermatzeko beharra ezinbesteko dela. Gainera, jarraipen-batzorde bat eratzeko eskatu du ondorengo kideen partaidetzarekin: Itsasertz Mugarteak, Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren eta Itsas Portuen Garapenerako Zuzendaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Ingurumen Naturalaren Sailak eta Getxoko eta Sopelako udalak.
Argudioetan seriotasuna eskatzen duen egoera korapilatsu honen aurrean, "harrigarria da" aipatutako bilera egiten zen egun berean Sopelako EAJk ohar bat argitaratzea "EHBilduri pasibotasuna leporatuz Gobernu zentralaren erabakiarekin".
Barinatxeko hondartza erdia Sopelarena da, beste erdia Getxorena, EAJren esku dagoen udalarena... Sopelako EAJk ez al die ezer esatekorik Getxoko kideei? Garbiketa, sorospen... zerbitzuak Bizkaiko Foru Aldundiarenak dira. Sopelako EAJk ez al die ezer esatekorik Aldundiko kideei? Turismoa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da eta Itsasertz Mugarteak Gobernu Zentralarena, biak PSOEren esku daude. Sopelako EAJk ez al dio ezer esatekorik bere gobernukideari? Pradalesek eta Sanchezek Euskadiri Itsasertz Mugarteen eskumenak eskualdatzea adostu zutela argitaratu zen duela gutxi prentsan. Sopelako EAJk ez al die ezer esatekorik bere nagusiei errealitatea desitxuratzen duten albisteak emateagatik?
Sopelako EAJrena kritikatzea da, besterik gabe, ekarpenik ez, argudiorik ez eta amorruz beteriko kritikak gero eta ordezkaritza instituzional gutxiago dutelako. Elkarrekin lan egitearen aldeko apustua egiten dugu eta erakunde guztien lankidetza nahi dugu. EAJ Sopelako EHBildurekin duen hauteskunde "batailatxoan" murgilduta dago, baina galtzen duena ez da Sopelako EHBildu, Barinatxez gozatzen duten milaka eta milaka herritar baizik.