AKTUALITATEA


| 2020-05-22 09:42:00

Sopelako hezkuntza mahaia: hartu beharreko erabakiak

Atzo elkartu zen Sopelako Hezkuntza Mahaia, besteak beste, EH Bilduk zuzenean eskatuta. Mahai gainean jarri genituen gaiak: batetik, zer egin Zipiriñeko espazio arazoei irtenbide emateko alternatibekin; eta bestetik, Covid-19ak Sopelako hezkuntza zentroengan datorren ikasturtean izango duen eragina.

 

EH Bilduren eskaria: Sopelak bere iritzia eman behar du

Zipiriñeko espazio arazoei dagokienez, EH Bilduk Sopela mailako prozesu partehartzaile bat proposatu zuen, aukera desberdinen arteko hurrenkera bat egiteko. Lehentasunen arteko hurrenkera hori izango litzateke Eusko Jaurlaritzarekin negoziatuko duena Hezkuntza Mahaiak (hezkuntza zentroen eskola kontseiluek eta udal taldeek).

Arrazoiketa, honakoa: hezkuntza publikoak erabateko garrantzia dauka (edo izan beharko luke) gure gizartean. Beti esan dugu Sopelako hezkuntza komunitateak bere iritzia eman behar duela, zer nolako zentroak nahi dituen, horrek bere proiektu pedagogikoan eragina duelako. Sopelak ere eman behar du bere iritzia. Eskola zentroak herriko bihotza baitira. Erreferenteak. Eta herri kohesioan zein ingurugoriaren alorrean eragiten dute, eskola komunitateaz harago. 

 

Hezkuntza mahaiaren erabakia: familiek dute hitza

Guztion iritziak mahai gainean jarrita, Zipiriñeko eta Iberreko hezkuntza komunitateak alternatiben inguruko iritzia emango duela erabaki zen. Horrela, Udalak prozesu partehartzaile bat jarriko du abian, hezkuntza zentro horien familiei zuzenduta, gaur egun mahai gainean dauden 3 alternatiben inguruan bere iritzia emateko: EAJ-ak egungo Zipiriñe handitzea proposatzen du; EH Bilduk Loroñon haur hezkuntzako zentro berri bat eraikitzea; DB-TUk institutu berri bat eraikitzea Loiola aldean (erdigunetik kanpo), Iberrera lekualdatuz Zipiriñeko etapa batzuk.

Prozesu partehartzailea diseinatzen orain hasiko da Udala, eta hurrengo Hezkuntza Mahaiaren bileran aztertuko da emandako pausuak: ekaineko bigarren astean. Prozesu arina izan behar zuela aipatu zuten Hezkuntza Mahaiko kideek (ekainean edo uztailean egiteko). Edonola ere, kanpo aholkulari batek esango luke zelan antolatu modu egokienean.

Aipatu hiru aukera horien artean hurrenkera bat egingo litzateke, lehentasunak finkatuz, familien iritzien arabera. Hurrenkera horretan oinarrituko litzateke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin egingo litzatekeen negoziazioa. 

 

COVID19 eta Hezkuntza Sopelan

EH Bilduk eskatuta, Zipiriñeko eta Iberreko zuzendariei eskatu zitzaien Covid19ak gure herriko haur eta gazteen hezkuntzan izango duen eraginaz hausnartzea. Hainbat erronka jarri ziren mahai gainean: familiei eskaini beharreko laguntza sozialak (maila ekonomikoan, psikoafektiboan...), ikasleek aro berri honetan erabili beharko duten eskola material digitala, kontziliazio familiarra...

Udalaren laguntza garrantzitsua izango dela aipatu zen, baina laguntza potenteena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik etorri behar dela. Horretarako, presio politikoaz ezezik, presio soziala eta sindikala beharrezkoa da aipatu zen.

Azkenik, Hezkuntza Mahaia bera, nahiz eta Zipiriñe eta Iberreko espazio arazoak konpontzeko sortu bazen ere, COVI19ak hezkuntza eremuan sortuko dituen eraginei aurre egiteko foroa ere izango dela erabaki zen atzoko bileran.