AKTUALITATEA


| 2021-10-04 09:40:00

“Zergak barkatzen baditugu, udalek ez dute izango kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko behar diren
diru sarreren beste”.

Covid-19a dela eta sorturiko krisi anitzak eragin kaltegarria izan du ekonomia-sektore askorentzat. Eta hortik sortu den diskurtso nagusia zergak jaitsi eta zergak kentzearena izan da. Proposamen horiek kontu handiz aztertu behar dira: alde batetik sektore kaltetuak kontuan hartu behar dira, baina bestetik zergen izaera banatzailea ere ezin dugu baztertu. Eta zergak barkatzen baditugu, udalek ez dute izango kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko behar diren diru sarreren beste. Arrisku hori badago. Oreka mantendu behar da. Horregatik, EH Bildutik beti zergak jaitsi edo hobariak handitu baino, lehenetsi izan dugu sektore kaltetuentzako diru-laguntza zuzenak bultzatzea.

“EAJ eta PSEren Udal Gobernuak proposatutako KPIren araberako igoeraren aurrean (%3 eta %5 artean), aurten zergak eguneratzea azpiko inflazioa erreferentziatzat hartuta eguneratzea proposatu dugu (%1,50a)”.

Sopelari dagokionez, iazko ekitaldian, 2020an Covid19-aren pandemiaren erdian, EH Bildu zergak izoztearen alde agertu zen: urte oso gogorra izan zen, ziurgabetasun beterik eta beraz, ez genuen uste zergak eguneratzeko unea zenik. 2018tik zergak izoztuta zeuden, tartean gainera, KPIa egonkor batekin. Udal gobernuaren proposamenari eta udal teknikarien iritziari kontra eginez, esan bezala, zerga izoztearen alde egin genuen.

Hala ere, izozte hori ezin da luzaroan mantendu: zergak eguneratu egin behar dira, udalen gastu eta zerbitzu publikoak bermatze aldera. Zerbitzu publikoen kalitatea bermatu behar dugu. Zergak ordaindu behar dira eta ogasun publikoa indartu. Beraz, zergak irizpide sozialen araberako eguneraketa eskatzen dugu eta sektore kaltetuenei laguntza zuzenak eman. Horregatik, EAJ eta PSEren Udal Gobernuak proposatutako KPIren araberako igoeraren aurrean (%3 eta %5 artean), aurten zergak eguneratzea azpiko inflazioa erreferentziatzat hartuta eguneratzea proposatu dugu. Irizpide hau ez da hain aldakorra, hau da, egonkorragoa da eta KPIa bera oinarritzat hartuta kalkulatzen da, baina oinarrizko elikagaiak eta produktu energetikoak kontuan hartu gabe: gure proposamena zergak %1,5a handitzea litzateke.

EAJ-ak eta PSE-ek gure proposamena egokitzat jo zuten. Podemoseko zinegotziak eta DB/TUk kontra bozkatu zuten, zergen izoztea proposatuz. Ezker Anitzako zinegotzia abstenitu egin zen.

“Zer da onuragarria Sopelarentzat? Adibidez 20.000 euroko txori-mural bat?”

Baina udalaren diru sarrerak kontrolatu (eta eguneratu) ezezik, gastuak ere kontrolatu behar dira eta herriarentzat onuragarriak diren gastuak soilik egin. Gastu publikoaren kontrola modu zorrotzean egitea aldarrikatzen dugu, beti ere irizpide sozialen araberako kontrola: zer da onuragarria Sopelarentzat? Adibidez 20.000 euroko txori-mural bat? Horrela, aurrekontu aldaketak oso modu zorrotzean kontrolatu eta aztertu behar dira, esan bezala, irizipide sozial eta herri onuraren arabera.

“Udalek finantzazio egokia, nahikoa eta egonkorra izan behar dute”

Sopelako Udalaren iraileko osoko bilkuran Bizkaiko Foru Aldundiari itzuli beharreko zorraz eztabaidatu zen, 2019ko Udalkutxaren likidazio negatiboaz, hain zuzen ere. Udalkutxa Bizkaiko Foru Aldundiak udalei egiten dien urteko ekarpena da. Foru Ogasunak urte hasieran egiten ditu zerga-aurreikuspenak eta horren arabera, udalei dirua aurreratzen die. Behin urtea bukatuta, zergen likidazioa egin eta udal bakoitzari errealitatean dagokion dirua kalkulatzen du. 2019ko likidazioaren arabera, Sopelako Udalak 497.216,00€ zor dizkio Foru Ogasunari. EAJ eta PSEren Udal Gobernuak zor hori 2021an itzultzea proposatzen du.

Bai martxoko osoko bilkuran bai Ogasuneko hainbat batzordetan, gai honi buruz gure iritzia eman dugu: Sopelako Udalak zor horren ordainketa geroratzea, gure Udalak diru gehiago izan dezan gastuei aurre egiteko. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren akordioak ahalbideratzen du kopuru hori hiru urtez atzeratzea, 2021an ezer ordaindu behar izan gabe. Akordioak gaineratzen du, Udalkutxaren 2021eko edo 2022ko likidazioa udalerrientzako saldo positiboa emango balu, ordaintzeke dagoen zorra konpentsatzeko erabiliko litzatekeela saldo positibo hori.

Gure jarrera horrek bat egiten du EH Bilduren ikuspegiarekin: EH Bilduk Ekarpenen Lege berriaren tramitazioa bertan behera uztea eskatu du, izan ere, lege horrek ez die udalei finantziazio egokia, nahikoa eta egonkorra bermatzen herritarrei beren eskumeneko zerbitzuak eskaini ahal izateko.

EH Bilduren proposamena ez zen aurrera atera, EAJ-ak eta PSEk zorra 2021an itzultzearen alde bozkatu baitzuten. Elkarrekin Podemosek eta DB/TUk abstenitu egin ziren, udal gobernuaren proposamena ahalbideratuz.