AKTUALITATEA


| 2025-06-02 14:09:00

Sopelako Udalak mozio bat onartu du eta bertan, beste behin ere Palestinako herriari babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, Metro Bilbaoren eta I-SEC AVIATION SECURITY SL segurtasun-enpresaren arteko kontratua bertan behera uzteko eskatu da. Enpresa hau Israelgo armadari eta inteligentzia-zerbitzuei lotutako enpresa da. Mozioa EHbildu, Elkarrekin Sopela eta SAEren botoen bidez atera zen aurrera, baina EAJ-k eta PSEk aurka bozkatu zuten.

Alderdi bi horiek elkartasuna adierazi zioten Palestinako herriari eta Israel egiten ari den genozidioa gaitzetsi zuten; baina ez zuten kontratua haustearen alde egin, legedia errespetatzen duen kontratua dela oinarri hartuta eta beraz alde bakarretik ezin dela hautsi. Ez dago zertan galdetu ea Israelek giza eskubideen nazioarteko legedia errespetatzen duen.

PSEren alderaketa bereziki desegokia

Bereziki desegokia izan zen PSEren konparazioa, Sopelako gobernu-taldeari leporatu baitzion Metro Bilbaori eskatzen diola I-SEC AVIATION SECURITY SLrekin duen kontratua hausteko, eta Sopela ez dela ausartu Sopelako kirol-instalazioak kudeatzen dituen enpresarekin duen kontratua etetea. Genozidio bat eta sopeloztarron aisialdiko jarduerak alderatzea lotsagarria da... eta ez dakion ahaztu PSEko zinegotziari berak Sopela 15-20 urterako lotzen duen kontratu honen alde bozkatu zuela. "Kontratuak errespetatu" behar direla esatea kontraesankorra da Espainiako Gobernuak berak Israeli balak erosteko Barne Ministerioak sinatutako kontratua deuseztatzeko agindu zuenean.

EAJren kontraesanak

EAJ ere legediaren errespetuan oinarritu zen kontratu bat ezin dela alde bakarretik hautsi esateko... baina ahaztu egiten zaio beraiei interesatu zaienean egin dutela, adibidez EHBilduko alkatetzak Sopelan HAPO hasteko egin zuen kontratua hautsi zuela eta enpresa esleipendunari kalte-ordaina eman ziola. Interesatzen zaienean kontratuak hautsi ditzakete, sopeloztarrei dirua kostatu arren.

Mozioaren edukia

Mozioan salatzen da, Metro Bilbaok, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren jabetzakoa den eta Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatzen duen enpresa publikoak, Metro Bilbaoko instalazioak eta material mugikorra zaintzeko zerbitzua lizitatu eta kontratatu duela I-SEC AVIATION SECURITY, S.L. enpresarentzat. Enpresa hori Shin Bet Israelgo inteligentzia zerbitzuko kideek eta Israelgo El Al airelinea zentraleko segurtasun arloko zuzendari ohiek sortu zuten 1982an eta gurean, enpresa hori arduratuko da Lutxana eta Plentzia arteko 2. loteaz.

Israel herri palestinarraren aurkako genozidioa egiten ari denean, ezin da inpartziala izan eta harreman komertzialak mantendu. Ez dugu zalantzarik EAJ eta PSE ere genozidio honen aurka daudela; baina asmo onen adierazpen hutsek ez dute lortzen Israelgo gobernua mugitzea, harreman komertzialak eten behar dira eta horren alde egiten da mozioan.