EHBilduk beti aldarrikatu du udala eta Sopelako bizilagunak hurbilago egon behar direla, eta helburu hori bete nahian, Gobernu Taldeak (EHBildu eta Elkarrekin Sopela) udal arduradunekin aurretiko hitzordua eskatzeko eta zuzenean komunikatzeko sistema berri bat jarri du abian.
Jakin badakigu askotan aurrez aurreko harreman eta azalpen zuzenak askoz eraginkorragoak direla idazki, erreklamazio, eskaera eta abar baino; eta orain arte ezarritako baliabide guztiak mantenduz, zuzeneko bide berri bat sortu dugu alkatearekin (Guruzne Carrasson), herritarren segurtasuneko zinegotziarekin (Unai del Burgo), hirigintzako zinegotziarekin (Mikel Tapia) eta tokiko garapeneko zinegotziarekin (Eder Garcia) batzartzeko eta hitz egin ahal izateko.
Nola eta noiz eskatu udal-arduradunekin hitzorduak
Asteazken goizetan Alkatea, Herritarren Segurtasuneko zinegotzia eta Hirigintzako zinegotzia prest egongo dira. Toki garapeneko zinegotzia, aldiz, ostegun goizetan.
Hitzorduak zuzenean eskatu ahal izango dira udaletxean bertan edo Larrabasterrako udal-bulegoetan; telefonoz 94 406 55 00, 100/104/105/601 luzapenetan; edo internet bidez, identifikazio elektronikorik gabe, https://sopela.egoitzaelektronikoa.eus/citaprevia.6 loturan.
Badakigu honek ez duela udalarekin harremanak izateko arazo guztia konpontzen, baina bizilagunen komunikazioa errazteko helburuarekin urrats honi beste batzuek jarraituko diote, ziur baikaude beste lidergo batzuk eta udalaren funtzionamendurako beste eredu irekiago bat sustatu behar direla, eta joko-arauak argi egon behar direla auzotarrentzat.