AKTUALITATEA


| 2022-06-16 09:59:00

LARRABASTERRAREKIKO KEZKA HANDIA

Udalerriko erdigunea oinezkoentzat jartzeko prozesu parte-hartzaileaz gain, EH BILDUk kezka berezia izan du Larrabasterran egin den prozesuarekin. Gobernu Taldearen jokabidearekin beste behin ere kritikoak izan gara. Izan ere, ez dugu aukerarik izan prozesu honen metodologiaz eztabaidatzeko. Gainera, Hirigintzako azken batzorde informatiboan ohartu gara infografiak garatzen ari direla, bai Urgitxieta Plazarako, bai Urko ingururako: Hau da, gobernu-taldea lanean ari da bi gune horien etorkizuneko diseinuan, PROZESUAREN AZKEN EMAITZAK IZAN GABE. Horrek erakusten digu EAJ partaidetzaprozesuak bere interesen arabera erabiltzen ari dela: herriko etorkizunean parte hartuko dutela sinestarazten die sopeloztarrei, baina benetan egiten ari dena da beren proiektu propioak justifikatzeko erabiltzea.

 

SOPELAKO PARTE-HARTZE PROZESUAK: EH BILDUREN APUSTU SENDOA

Sopelako Udaleko gobernu-taldeak 5 prozesu parte-hartzaile egin ditu legegintzaldi honetan: Zipiriñe, Semi peatonalizatzea, Trafikoa, Larrabasterra eta 2022ko Aurrekontuak. Prozesu horiek guztiak, salbuespenik gabe, EH Bilduk Gobernu Taldeari proposatu dizkio, herritarren sentimenduarekin bat datozen politikak sustatzeko eta udalerriko proiektu estrategikoei irtenbidea emateko tresna gisa. Zehazki, horiek guztiak 2020 eta 2021 aurrekontu-akordioetan sartu ziren, 2019-2023 legegintzaldi honetarako gure hauteskunde-programarekin bat etorriz, herritarren parte-hartzearen eta zuzeneko demokraziaren aldeko apustua egiten baikenuen.

Baina, nahiz eta prozesu parte-hartzaile horiek martxan jarri diren, EH BILDUk argi utzi nahi du prozesu horiek Korporazioa osatzen dugun gainerako talde politikoen iritziak kontutan hartu gabe gauzatu direla. Zipiriñeko prozesuan (metodologia adosteko eta emaitzak ezagutzeko aukera eman ziguten prozesu horretan) eta liburutegi berriaren prozesuan izan ezik (kasu honetan emaitzak soilik ezagutu genituen), gainontzeko prozesuetan EH BILDUk ezin izan du bere iritzia eman: ez dugu metodologia ezagutu, ez zaizkigu hasiera eta amaiera datak jakinarazi, eta herritarren kontsulta horien emaitzak ere ezin izan ditugu kontsultatu.

 

  1. Hemen EH Bilduren jarrera prozesu parte-hartzaileen inguruan.
  2. Prozesu partehartzaileak Sopelan: "hobeto egin daiteke" (2022/06/14).