AKTUALITATEA


| 2022-06-14 12:48:00

BENETAZKO AURREKONTU “PARTE-HARTZAILEAK”?

Sopelako Udalak aurrekontu "partehartzaileen" prozesua abian jarri du maiatzean. Nondik dator ekimen hori? 2022rako udal aurrekontuen proiektuan, EAJk 100.000 euroko partida ekonomikoa finkatu zuen, Alkateak bere beharren arabera diru hori eskura izan zezan. EH Bilduk, aurrekontuen eztabaida-prozesuan, proposatu zuen partida ekonomiko hori Alkatetzaren eskumenetik kentzea eta prozesu parte-hartzaileak abian jartzeko erabiltzea; hori jasota zegoen EAJ/PSErekin sinatu genuen 2020-2021 aurrekontu-akordioan.

Gure proposamena jaso egin zen, baina berriro ere, EAJ gauzak oker egiten ari da. Prozesu partehartzaile guzti horietan Gobernu Taldeak ez digu aukerarik eman gure ekarpenak egiteko, eta uste dugu kontuan har zitezkeela gure udal-taldeak partaidetza-prozesu honetarako proposatzen dituen hobekuntzak:

1. EZ DA GARDENTASUN-PRINTZIPIOA ERRESPETATZEN DUEN PROZESU BAT. Prozesuaren oinarriak ez daude inon zehaztuta: ez postontzietan banatutako liburuxkan, ez Udalaren webgunean agertutako berrian.

2. EZ DA HERRITARREN PARTE-HARTZEA ERRAZTEN DUEN PROZESU BAT. Sopeloztarrek nekez balora ditzakete proposamenei eskatzen zaizkien baldintzak: kostu ekonomikoa, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, 2022ko aurrekontuan jasota egon daitezkeen jarduerak badira, etab. Gainera, uste dugu parte hartzeko bideak ez direla nahikoak, eta hautestontzi gehiago jar zitezkeela proposamenak jasotzeko hainbat gunetan, hala nola turismo bulegoan, Kurtzion, liburutegian eta kiroldegian.

3. EZ DA PROZESU KOHERENTE BAT. Gobernu Taldeak bere jakinarazpenetan aipatzen duenez, bigarren fase batean lehentasuna emango zaie aurrekontu parte-hartzaileen “bozketa-fasera” igaroko diren proposamenei. Horrek gaizki-ulertuak eragiten ditu eta informazioa ezkutatzen du; izan ere, joan den maiatzaren 19an egin zen parte-hartze prozesuaren aurkezpenean ez zen herri-bozketarik aipatu. Udaleko teknikariek jasotako proposamenen bideragarritasunari buruzko txostena egiteko ardura izango zutela adierazi zen, eta proposamen horiek 2023ko aurrekontuetan sartzeko edo ez sartzeko erabakia Gobernu Taldeak bakarrik hartuko zuela.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Taldeari eskatuko diogu prozesuaren emaitzak jakinarazteko eta udal-teknikarien txostenak bidaltzeko, informazio hori behar bezala aztertu eta eztabaidatu ahal izateko, aurreko prozesuetan ez bezala.

Hemen EH Bilduren jarrera EAJ-ak bultzatutako prozesuez.