AKTUALITATEA


| 2022-11-29 12:27:00

SOPELAKO ZERRENDABURUA HAUTATZEKO PROZESUA ZABALIK

EH Bilduren Sopelako Udalerako zerrendaburu izateko hautagaitzak aurkezteko epea amaitu ondoren, Guruzne Carrasson Torrontegi hautagaitza aurkeztu da. Hautagaitza bakarra aurkeztu denez, berresteko bozketa telematikoki egingo da ostegun honetako, abenduak 1, 00:00etatik abenduaren 3ko 12:00etara, elkarrekin.ehbildu.eus plataformaren bidez.


ZELAN BOZKATU?

Bozketa online izango da elkarrekin.ehbildu.eus webgunearen bitartez. Edozein sopelazterrak hartu dezake parte. Bilkideek zuzenean bozka dezakete, automatikoki. Bilkide ez direnak elkarrekin.ehbildu.eus plataforman inskribatu eta hautaketa-prozesuan bozka eman nahi dutela baieztatu behar dute plataforma horretan bertan, bozkatzeko eskubidea izateko. Beraz, Sopelako herritarrak bozketan parte hartzera animatzen ditugu, bilkide izan zein ez.


NOR DA GURUZNE CARRASSON TORRONTEGI?

Ingurumen zientzietan lizentziaduna (UPV/EHU) eta irakasleen prestakuntzako masterra burutua (Mondragon Unibertsitatea). Profesionalki ingurumen-hezitzaile gisa hainbat erakundetan aritu izan naiz: aipatzearren, EAEko produktu sektorialaren lehen ingurumen-adierazpena ere egin nuen, zuraren sektoreari buruzkoa. Euskararen eta euskal kulturaren alde aritu naiz Sopelan aktiboki, herriko hainbat elkartetan parte hartzen, bi esparru horiek merezi eta behar duten bultzada emateko asmoarekin. 2019ko urritik aurrera, EH Bilduko zinegotzi liberatua izan naiz, eta 2021eko otsailetik, gure udal taldearen bozeramailea.


HAUTAGAITZA AURKEZTEKO ARRAZOIAK

Asko dira alkategai izateko ditudan arrazoiak. Sopeloztarra naiz, Sopelan hazi naiz eta nire bizitzako parte garrantzitsu bat da: herria nola garatzen den eta herriaren ideia nola eraikitzen den axola zait. Nik bestelako Sopela bat imajinatzen dut, anitza, bizia, feminista, euskalduna eta berdea: herri bizigarri bat. Errealitatea guztiz desberdina da, ordea, ideal horretatik asko urruntzen den Sopela bat eraikitzen ari baitira. Horregatik, hautagai gisa aurkezten dut nire burua, Sopelaren alde lan egiten jarraitzeko, denok tokia izango dugun eta denok ahotsa izango dugun etorkizuneko herri berria irudikatzeko. EH Bildu aldaketarako behar dugun tresna da, ziur nago: etorkizuneko Sopela beste modu batean irudikatzeko plan bat dugu, eta nik plan horren parte izan nahi dut. Izan ere, azken legegintzaldi honetan Udalaren kudeaketaz asko ikasi ahal izan dut: nire burua trebatu dut oposizioko liberatu eta gure zinegotzi taldearen buru gisa. Horri guztiari esker, esperientzia badut Sopelak esku artean dituen erronkei aurre egiteko. Baina arrazoi nagusia ilusioa da, herriarentzat lan egiteko gogoa, guztiok merezi dugun Sopela irudikatu eta marrazteko. Prest nago”.


ALKATEORDEA ETA ARDURADUN POLITIKORAKO HAUTAGAITZA

Joan den urriaren 21eko herri-asanbladan, GURUZNE CARRASSONekin batera, mahai politikoak UNAI DEL BURGO GARCÍA proposatu zuen Udalaren alkateordetzarako eta Sopelako EH Bilduren arduradun politiko berri gisa. Unai 2019ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua izan zen eta gaur egun zinegotzia da Sopelako Udalean. Ekonomialaria lanbidez UEUn, UPV/EHUko doktorea da, GEZKI Institutuko ikerlaria (UPV/EHUren Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta hainbat ikasketa egin ditu bai zuzenbidearen bai erakundeen zuzendaritza zein administrazioaren alorrean. Dena dela, Unairen hautagaitza hauteskunde prozesuaren beste fase batean bozkatuko da.