AKTUALITATEA


| 2022-10-25 08:54:00

Joan den urriaren 21eko herri-asanbladan, Sopelako EH Bilduren mahai politikoak GURUZNE CARRASSON TORRONTEGI proposatu zuen alkategai bezala. Ingurune Zientzietan lizentziaduna eta bokazioz hezitzailea, Guruzne EH Bilduren gaur egungo bozeramailea da Sopelako Udalean. Euskara eta kultur elorreko militantea, Sopelako hainbat elkarteetan partaide izan da. Berarekin batera, mahai politikoak UNAI DEL BURGO GARCÍA proposatu du alkateordetzarako eta Sopelako EH Bilduren arduradun politiko berri gisa. Unai 2019ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua izan zen eta gaur egun zinegotzia da Sopelako Udalean. Hala ere, oraindik ez dago ezer erabakita. Bilkideen oniritzia beharrezkoa da eta oraindik ere proposamen berriak ere egiteko aukera dago.

 

EH Bilduren oinarri sozialak beste zerrendaburu batzuk proposatzeko aukera izango du mezua bidaliz bildusopela@gmail.com helbidera, beti ere, hautagai horiekin adostuta eta proposamen bakoitzeko 5 bilkideen abalak lortuta. Beste hautagairik egonez gero, hautagaien arteko debatea antolatuko da eta azkenik, derrigorrez, bozketa egin beharko da, alkatetzarako hautagaia izendatzeko.

 

  1. Sopelako EH Bilduren mahai politikoaren proposamena: urriaren 21a. Guruzne Carrasson eta Unai del Burgo.
  2. Beste hautagaitzak proposatzeko epea: azaroaren 14tik 27ra.
  3. Hautagaien arteko eztabaida: azaroaren 30etik abenduaren 14ra (hautagaitza bakarra balego, eztabaidarik ez).
  4. Bozketa: abenduaren 15-16-17 (hautagaitza bakarra balego, abenduak 1-2).
  5. Sopelako EH Bilduren alkategaiaren aurkezpena: abenduan zehar.

 

 

NORTZUK GIDATUKO DUTE SOPELAKO UDALA? HAUXE DA MAHAI POLITIKOAREN PROPOSAMENA

 

Gurruzne Carrasson Torrontegi proposatu du Sopelako EH Bilduren mahai politikoak alkategai bezala. Mahai politikoaren ustez, bera da zerrendaburu izateko pertsonarik egokiena. Guruzne, Ingurumen zientzietan lizentziatua (UPV/EHU) eta irakaskuntza masterra burutua da (Mondragon Unibertsitatea). Profesionalki, ingurugiro-hezitzaile gisa jardun du hainbat erakundetan. Euskara eta kultur alorreko militantea, herriko hainbat elkarteetan partaide izan da, bi alor horiek merezi eta behar duten bultzada emateko asmoarekin. 2019ko urritik EH Bilduren zinegotzi liberatua izan da eta 2021eko otsailetik, udal taldearen bozeramailea. Mahai politikoaren ustez, Guruznek lidergoa eta gidaritza, ingurugiroaren defentsarekiko ezagutza eta ikuspegi feminista eta gaztetasuna helarazten ditu. Bera da pertsonarik egokiena Sopelak eskatzen duen lidergo berria gorpuzteko.

 

Bestetik, Unai del Burgo García proposatu dute alkateorde izateko hautagai gisa (zerrendan, bigarren) eta Sopelako EH Bilduren arduradun politiko berria. Unai, ekonomialaria lanbidez UEUn, UPV/EHUko doktorea da, GEZKI Institutuko ikerlaria (UPV/EHUren Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta hainbat ikasketa egin ditu bai zuzenbidearen bai erakundeen zuzendaritza zein administrazioaren alorrean. Sopelako Udalaren zinegotzia 2018ko azarotik aurrera, 2019ko udal hauteskundeetan Sopelako EH Bilduren zerrendaburua izan zen. Mahai politikoaren ustez, Unaik sendotasuna eta egonkortasuna eskainiko dizkio EH Bilduren udal proiektuari eta osagarri aproposa da Guruzne Carrassonen hautagaitza babesteko.

 

 

EH BILDUREN HERRI-PROIEKTUA

 

Urriaren 21eko asanbladan Sopelako EH Bilduren Herri Proiektua aurkeztu zuen Guruzne Carrassonek. Udaberrian EH Bilduren oinarri sozialarekin egindako saio partehartzailetatik jasotako hausnarketak biltzen ditu proiektu horrek.

 

Gure kaleak zeharkatzen duen trafikoa, etxebizitza publikoen gabezia, natur-ingurune kaltetua, kirol eta kultur instalakuntza eskasak, sexu erasoak, euskararen erabilera urria... egungo egoera iraultzeko abagunea heldu da ».

 

« Legegintzaldi honetan EH bilduko kideok gogor egin dugu lan, hainbat alor garrantzitsuetan proposamen berriak eginez. Udalaren agenda finkatu dugu. Azken urte hauetan gure buruak prestatu ditugu udala gidatzeko. Prest gaude ».

 

« Sopelak beste lidergo mota bat behar du. Beste modu batean egin daiteke, hobeto egin daiteke. Sopelak alternatiba aurrerakoi, ekologista, feminista eta euskalduna behar du. Alternatiba hori gu gara eta plan bat dugu ».

 

« Ingurugiroa babestea, etxebizitzen alokairu publikoa sustatzea, gure hezkuntza-zentro publikoen kalitatea bermatzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, euskara eta feminismoa indartzea, udala eraginkorragoa eta efizienteagoa bihurtzea… Prest gaude erronka guzti horiei aurre egiteko. Sinistu gugan. Lortuko duguna izugarria izango da».

 

 

Herrirako duen plan orokor hori garatzeko, azaroan zehar hainbat saio antolatuko ditu Sopelako EH Bilduk. Hori izango da bere herri-programa zehatza 2023ko udal hauteskundeetarako, ondoren herriko eragileekin eta sopeloztarrekin kontrastatuko duena. Saioek hiru alor hauek landuko dituzte: emakumeak, gazteak eta Sopelarentzat proiektu estrategiko orokorrak. Laster 3 saio horien inguruko informazioa jasoko duzue.