AKTUALITATEA


| 2022-10-28 12:46:00

EAJk “gizalegezko” ordenantza aurkeztu du Sopelan, herritarren adierazpen askatasuna zuzenean mugatzeko. Hemendik aurrera, Sopelako kaleetan, adibidez, aldarrikapen-kartelak jartze hutsa ekonomikoki zigortuko da. Guruzne Carrassonek, EH Bilduko bozeramaileak, legea "ezkutuko mozal legea" dela esan zuen, eta gobernu taldeak gai horri buruz eztabaidatzeko borondaterik ez duela izan kritikatu zuen. Bestalde, EH Bilduk ordenantza alternatibo bat aurkeztu zuen, bizikidetzari buruzkoa, pedagogian, bitartekaritzan eta lan komunitarioetan oinarrituko dena eta ez zigorretan. Hala ere, udal taldeek ez zuten alternatiba hori babestu. Beste behin, EAJk eta PSEk beraien plana aurrera atera zuten Podemoseko zinegotzi transfugoaren laguntzarekin.



EAJ, PSE eta Podemoseko zinegotzi transfugoa


Patricia Alfonso Podemoseko zinegotzi transfugoak proposatuta (2022ko martxoko osoko bilkura), Sopelako EAJk gizalegezko ordenantza bat aurkeztu du, pintadek, grafitiek eta kartelek eragindako arazoei aurre egiteko. Anekdota gisa, atzoko osoko bilkuran, zinegotzi transfugoak ez zuen inolako hitz-hartzerik egin teorian martxoan proposatu zuen zerbait defendatzeko: "lan zikina" egin zion EAJ martxoko oso bilkuran, gai polemiko hori osoko bilkuran sartuz. Bestalde, PSEko zinegotziak adierazi zuen gustatuko litzaiokeela ordenantzan jasotako zigorrak “hain arinak” ez izatea, eta EH Bilduri kritikatu zion “gehiago kezkatzea eraztun berdeaz herriaren erdiguneaz baino”. EAJk aurrera atera zuen bere proposamena, inolako eztabaida onartu gabe.



“Horma zuriak, diktaduran bezala”


EH Bilduk jeltzaleen ekimen hau udal mailako mozal legea dela esan du, gure udalerrian adierazpen askatasuna mugatzea bilatzen duena, EAJren aldeko aldarrikapen gogaikarriak zigortuz, esate baterako.

 

Zer gertatzen da euskal presoen aldarrikapenarekin?, enpresek kalera botako dituzten langileen aldarrikapenekin, Troquelmain edo United Capsekin gertatu zen bezala?, zer gertatzen da sindikatuek Sopelako kiroldegiko lan-baldintzak hobetzeko egiten dituzten aldarrikapenekin?, euskararen aldeko edo eraso sexista eta arrazisten aurkako mezuekin?, zer gertatzen da EAJ/PSEren gobernu-taldeak gustuko ez dituen kritikekin?

 

Udal talde independentistak azpimarratu duenez, egungo testuinguruan (Ukrainako gerraren ondorioz inflazio oso handiko krisi ekonomiko eta soziala, joera post-pandemiko autoritarioa eta neo-faxismoaren gorakada), herritarren balizko aldarrikapenak mugatzea autoritarismoaren eta adierazpen-askatasunaren aurkako atentatu argia da.

 

 

EH Bilduren kritikak


Era berean, EH Bilduk atzo salatu zuen ordenantza hori garatzeko nahitaezko parte-hartze prozesua ez dela nahikoa izan, parte hartze ia nulua izan dela eta ordenantza hori udal taldeekin ez dela eztabaidatu.


Horrela, EH Bilduko bozeramailea den Guruzne Carrassonek azaldu zuenez, “EAJ/PSEren ordenantzari osoko zuzenketa bat aurkeztu genion eztabaida sortu eta gure ikuspuntu ezberdina erakutsi ahal izateko”. Guruznek kritikatu zuen “urriko hirigintza batzordean oro har arauaren artikulu gutxi batzuk baino ez zirela aipatu, eta gero batzordeko presisenteak uko egin ziola eztabaidatzeko aukerari. Ondorioz, eskatzen dugu ez dadila osoko bilkurara joan, denbora izan ahal izateko iritziak erkatzeko eta udal taldeen artean akordio batera iristeko”. Baina, berriro ere, Gobernu Taldeak, bere kabuz jardunez, puntu hau osoko bilkurara eraman zuen.

 

Ordenantzaren edukiari dagokionez, “arau errepresiboa da argi eta garbi, mozal lege berri bat eta adierazpen askatasunaren aurkakoa”. Adibide soil bat. Gobernu Taldeak aurkeztutako proposamenean honako hau dio artikulu batek: "pertsonen gaineko indarra erabili behar den kasuetan, behar-beharrezkoak diren egintzak egingo dira, pertsonen duintasuna erabat errespetatuz". “Indarraren erabilpena hutsa gizalegearen eta elkarbizitzaren aurkakoa da”.



EH Bilduren proposamena


EH Bilduk ordenantza alternatibo bat aurkeztu du, ez zigorra edo isunetan oinarrituta, baizik eta pedagogia, prebentzioa, bitartekaritza eta lan komunitarioak erdigunean jartzen dituena. Ordenantza horrek gizalegearen kontrako jokabideak ditu ardatz, hala nola zaratak eta ondasun publiko eta pribatuei kalte materialak egitea, eta ez ordea adierazpen askatasuna eta kritika sozial eta politikoa.


Carrassonen arabera, “gure ikuspuntu desberdinak ordenantzaren izenburuan bertan agertzen dira: guk, “Gizalegezko” Ordenantza deitu beharrean, “Elkarbizitzakoa” deitzen diogu. Izan ere, gure ustez, ordenantza hau pedagogian oinarritu beharko litzateke, eta ez zigorretan. Horiek izan beharko lirateke azken aukera. Gure helburu nagusia elkarbizitza hobetzea da eta adierazpen askatasuna babestu”.