AKTUALITATEA


| 2022-04-10 23:16:00

Transfugak aurkeztutako mozioa

Martxoaren 31ko osoko bilkura horretan, Patricia Alfonso Podemosetik kanporatutako zinegotziak mozio bat aurkeztu zuen, 4 hilabeteko epean zibismoari buruzko ordenantza bat idatzi eta onartzeko. Mozio horretan, lehenik eta behin, “pintadek, grafitiek eta kartelek eragindako arazoak” aipatzen ziren.

 

EAJren babesa

Hasieratik ematen zuen mozio hori hitzartuta zegoela zinegotzi transfugaren eta EAJren artean. Izan ere, jeltzaleek inolako eragozpenik gabe babestu zuten mozioa. Jeltzaleen eta trasnfugaren arteko konpenetrazioa erabatekoa da, eta bide ematen du gobernu taldearen eta Podemoseko zinegotzi kanporatuaren arteko itun formal bat dagoela salatzeko, argi eta garbi. Bitxia bada ere, mozio hori astelehenean, martxoaren 28an, aurkeztu zen, larunbat horretan bertan EH Bilduren kartel batzuk kendu zirenean, Sopelako erdigunea oinezkoentzat jartzeko prozesu parte-hartzailea kritikatzen zutenak.


EH Bilduren aurkako jarrera

Ez dugu babestuko atxiki gabeko zinegotziak aurkezten duen ezer, horrek esan nahiko lukeelako Udalean jarraitzea bermatuko genukeela”. Guruzne Carrasson EH Bilduko bozeramailearen lehen hitzak argiak izan ziren. Horrela, kritikatu egin zuen zinegotzi transfugak udalari eragin dion kalte demokratikoa, gehiengo politikoa jeltzaleen alde aldatuz. Era berean, Carrassonek EH Bilduren kezka agertu zuen transfugaren proposamenaren aurrean: “Uste dugu ordenantza berri honek arriskuan jarriko duela Sopelako talde sozial eta politikoen adierazpen askatasuna”. Era berean, gogorarazi zuen gaur egun, adibidez, mozal legea erabiltzen dela gazteak zigortzeko, kaleetan kartelak jartzeagatik.


Mozioa aurrera atera da, eztabaida hasi da

Mozioa aurrera atera zen honako boto hauekin: zinegotzi transfugaren eta EAJren aldeko botoak (PSEko zinegotzia dagoeneko osoko bilkuratik alde eginda zegoen, osasun arazoengatik) eta EH Bilduren, DBT/TU eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzi bakarraren kontrako botoak (honek atxiki gabeko zinegotziaren dimisioa eskatu zuen).