AKTUALITATEA


| 2022-05-10 08:14:00

“Vecinos Sopela” izeneko taldeak Arrietara aldean adingabeen harrera-zentro berri baten aurka bultzatutako kanpainaren inguruan, EH Bilduk bere gaitzespena eta haserrea adierazi nahi ditu. Sare sozialetan eta Arrietara inguruan banatutako komunikatuak gorrotoa pizten du, arrazista eta klasista da, eta gure babesa behar duten haur eta nerabeak kriminalizatzen ditu.

Gure babes osoa adierazi nahi diogu Bizgarri elkarteari, babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeen arretan ibilbide luzea duen esku-hartze sozialeko elkarteari. Bizigarriren lana ez da berria Sopelan, 10 urte baitaramatzate gure herrian lan garrantzitsua egiten, dagoeneko gure komunitateko kide diren adingabeei laguntzen.

Gobernu-taldeari eta Sopelako Udaleko gainerako udal-taldeei proposatzen diegu Adierazpen Instituzional bat adostea, jarduera arrazista eta klasista horren aurrean gure gaitzespen sendoena adieraziz eta gizarte-babesa behar duten adingabe horiei babesa emanez.

Gainera, alarma sozial izugarri arriskutsu eta onartezin baten bidez gorrotoa bultzatzen duen kanpaina hori gaitzesteko elkarretaratze bat deitzea proposatzen dugu. Bertan, erakunde publikoek babes argia eman beharko liokete gure gizarteko zaurgarrienen babesari. Gure aldarrikapenak irmoa izan behar du: gizarte-zerbitzu sendoenak bizipremia larrienei erantzuteko. Gure ardura da balioetan heztea. Sopela harrera herria da.

Era berean, kanpaina hori gorroto-delitua ote den ikertzea proposatzen dugu. Baiezkoan, Udala akusazio partikular gisa aurkez dadin eskatzen dugu.

Azkenik, Sopelan antolatzen diren herri-mobilizazioekin bat egingo dugu babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeen defentsaren alde egiteko, eta ultraeskuin mespretxagarrienaren pareko mezu xenofobo horiek sakon arbuiatzeko. Gure udalerrian gorroto-zantzu oro errotik moztu behar da. Sopela solidario, inklusibo, plural eta antiarrazista baten alde.