AKTUALITATEA


| 2021-10-21 08:41:00

EH Bilduk eskerrak eman eta Sopelako Udaleko kultur teknikariak zoriondu nahi ditu, urtez urte gure udalerriko kultur hitzordu ezberdinetan egiten duten lanagatik, bereziki aurten. Kontuan izan behar dugu oraindik Sopelako eta Larrabasterrako jaiak eta KostaFest ere Covid19 pandemiaren erdian garatu direla, eta, beraz, egindako lan teknikoa eta antolaketa-lana are merezimenduzkoagoak direla. Azken batean, Udalak kalitatezko eskaintza kulturalari eutsi dio, nahiz eta osasun eta ongizate publikoari dagokionez mugak izan, eta lortutakoa oso positibotzat jo behar dugu. Kultura zaintzea lehentasunezko helburua izan beharko litzateke.

Egoera pandemiko honetan autoritarismo handiagotu egin da, eta beraz, berriro salatu behar ditugu Sopelako Jaietan gertatu ziren gertakari tamalgarriak, Ertzaintzaren karga herriaren erdigunean, istiluen aurkako materiala eta herritarren aurka foam jaurtigaiak erabiliz.

Politikoki, etorkizuneko kultur ekitaldietarako garrantzitsuak diren hobekuntza-proposamenak azpimarratu behar ditugu: tokiko taldeek, herri mugimenduak eta, oro har, herritarrek kultur hitzordu horien diseinuan, antolaketan, martxan jartzean eta gauzatzean (Jaiak, Kosta Fest, Euskal Jaia, Olentzero eta Mari Domingi, Ihauteriak...) duten parte-hartzean sakontzeko beharra. Udalak beharrezko bideak ireki behar ditu sopeloztarren parte-hartze aktiborako, eta herritarrak inplikatu egin behar ditu Sopelako kulturan, azken batean, gure kultura herri-kultura izan dadin (herriak sortutakoa).

Horrela, irailaren 20ko Kulturako Informazio Batzordean proposatu genuen Sopelako eta Larrabasterrako Jai Batzordearen esperientzia gure udalerriko kultur hitzorduetara zabaltzea.

EH Bilduren aldarrikapen hori inoiz baino beharrezkoa da: Covid19aren pandemiak Euskal Herri osoan, baita Sopelan ere, herritarren parte-hartzea geldiaraztea ekarri du. Izozte sozial eta kultural bat gertatu da. Zenbait sektoretan kultura elitizatzeko ematen ari diren jarreren aurrean, gure herrian Sopelako eta Larrabasterrako Jai Batzordearen sorrerarekin hasi ziren parte-hartze dinamiketan sakondu behar dugu. Harrezkero, gauzak ondo egin dira, baina beti dago hobekuntzarako tartea, eta, horretarako, guztion inplikazioa beharrezkoa da. Ekin diezaiogun lanari!