AKTUALITATEA


| 2023-11-22 08:09:00

EHBilduk eremu ez-komertzialetan kokatutako eta urteetan hutsik egon diren lonjak etxebizitza bihurtu ahal izatea erraztu nahi du; hori dela eta, prozesu hori ahalbidetuko duen araudia izapidetzen hasi da.

Araudia egiten ari gara. Parte-hartze publikoa

Sopelako Gobernu Taldeak (EHBildu eta Elkarrekin Sopela) araudiaren zirriborro bat prestatu du; udal-teknikariei helarazi zaie azter dezaten eta gainerako alderdiei aurkeztu die hirigintza batzordean. Horrez gain Alkatetzaren Dekretu bat argitaratu du kontsulta bat egiteko, bizitegi-eraikinetako beheko solairuetako lokalak etxebizitza bihurtzeko araudi horrek eragin diezaiekeen bizilagunen eta erakunde adierazgarrienen iritzia jasotzeko.

Kontestu honetan, azaroaren 23an, ostegunean, udaletxeko sarreran interesa duten herritar guztientzako irekitako batzar publiko bat egingo da 19:00etan proiektua aurkezteko eta abenduaren 13 arte epea zabalduko da haien ekarpenak eta iritziak mahairatzeko. Prozesu honen guztiaren berri emango zaie Sopelako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idatziko duen taldeari eta Hirigintzako Aholku Batzordeari. Azkenik osoko bilkuran eztabaidatu eta izapidetuko da.

Araudiaren helburuak

EHBilduk aurkeztutako zirriborroak hiru helburu nagusi ditu: 1.- arrazoizko prezioan etxebizitza duinen kopurua handitzea, lurzoru berria erabili beharrik gabe; 2.- lokal huts horiek kokatuta dauden eremuen irudia hobetzea; eta, azkenik, 3.- erabili gabeko lokal horien jabeek irteera bat izan dezaten.

Aurkeztutako araudiaren zirriborroan, lokal huts horiek etxebizitza bihurtzeko unean sor daitekeen espekulatzea saihestu nahi da eta horretarako etxebizitza horiek eskuratzeko edo eskualdatzeko baldintza ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak Babes Publikoko Etxebizitzetarako (BPE) ezarritako berberak izatea eskatzen da. Gainera, oso zorrotza da bizigarritasun-baldintza egokiak ezartzeko unean: metro karratuak, kanpoko argiztapena, kanpoalderako sarbidea, etab.

Merkataritza-guneak mantendu

Neurri horrek ez dio kalterik eragin behar herriko merkataritza-garapenari; beraz, merkataritza-guneak zehaztuko dira eta horietan ezinezkoa izango da eraldaketa hori egitea.