AKTUALITATEA


| 2022-12-13 19:38:00

«Ez dugu ulertzen nola EAJk Sopelan onartu duenaren aurka bozkatzen duen, ez dugu ulertzen EAJk eta PSEk nola mespretxatzen duten Zipiriñeren eskaera hori, ez dugu ulertzen zergatik ez zaion eskaintzen merezi duen hori”, esan zuen Ikoitz Arresek EH Bilduko legebiltzarkideak.

 

 

EH Bilduren proposamenaren aurrean beste taldeek beraien jarrera argitu dute Zipiriñeri buruz

Legebiltzarkideek Zipiriñe bisitatu eta Gurasoen Elkarteak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin ondoren, EH Bilduren legebiltzar-taldeak legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, Zipiriñeko ordezkaritzak botatako eskaria jasoz: Lakuako Gobernuari eskatzen zion Sopelako Zipiriñe Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoaren eraikin berria eraikitzeko proiektua gehi zezala 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Planari edo hurrengo planean, proiektu hori ahalik eta lasterren gauza dadin, “Hezkuntza Saila Sopelarekin zorretan baitago”, Ikoitz Arresek legebiltzarkide independentistak adierazi zuen bezala. Ikoitz bera beste talde politiko guztiekin kontaktuan jarri zen, ahalik eta babes handiena jasoko zuen testua lortzeko asmoarekin.


Horrela, Elkarrekin Podemosek Hezkuntza Sailari 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Planean jasotako inbertsioak egiteko konpromisoa eskatzeko puntu bat sartu zuen. EH Bildu ados agertu zen ekarpen horrekin.


PP/Ciudadanosek osoko zuzenketa aurkeztu zuten, “Zipiriñeko HLHIren egoera sakon aztertzeko eta neurri zuzentzaileak lehenbailehen proposatzeko eskatuz Eusko Jaurlaritzari”. 10 urte berandu datoz.


Bestalde, EAJk eta PSEk osoko beste zuzenketa bat aurkeztu zuten, eta bertan jasotzen zenez, “datorren ikasturteko onarpen-prozesuaren emaitza aztertuko da, udalerriko hezkuntza-azpiegituretan jarraitu beharreko bidea zehazteko, duela urtebete hezkuntzako eta udaleko eragileekin adostu zen bezala”. Hau da, ez dute beren posizioa izpirik mugitu.


Azkenik, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babestutako ekimena ez da aurrera atera, EAJk eta PSEk, PPrekin, aurka bozkatu dutelako. Sekulako aukera galdu da Sopelako Hezkuntza mailak egin duen lana babesteko. «Ez dugu ulertzen nola EAJk Sopelan onartu duenaren aurka bozkatzen duen, ez dugu ulertzen EAJk eta PSEk nola mespretxatzen duten Zipiriñeren eskaera hori, ez dugu ulertzen zergatik ez zaion eskaintzen merezi duen hori”, esan zuen Ikoitz Arresek legebiltzarkideak. Zipiriñeko masifikazio arazoak ez dira zerbait puntuala. Errealitateak erakusten digu Zipiriñeren hezkuntza-beharrizanek berehalako erantzun behar dutela, bestela denborarekin arazoa handitu besterik ez da egingo.



Sopelako EH Bilduren kritika

Guruzne Carrasson EH Bilduren Sopelako bozeramaileak kritikatu zuenez, “EAJk eta PSEk aipatzen duten akordio hori ez dugu horrela ulertzen: matrikulazioaren emaitza aztertzea Hezkuntza Sailaren inposaketa izan zen, ez akordioa. EH Bilduk ez luke inolaz ere onartuko Hezkuntzak ezarritako baldintza hori. Gainera, ez ziguten negoziaketetan parte hartzen utzi: behin eta berriz eskatu genuen bilera horietan egotea, eta Hezkuntza Sailak uko egin zion horri”.

 

Zipiriñe ezin da erabili hauteskunde-arma gisa

Bestetik, Sopelako EH Bilduk salatu egin du EAJ-ak bere instagramen kontuaren bitartez zabaltzen ari den mezuarekin Zipiriñe hauteskunde-arma gisa erabiltzen ari dela: “Oposizioak ezetz esan die Zipiriñeko hobekuntzei. EH Bildu, Elkarrekin Podemosek, DBTUk eta atxiki gabeko zinegotziak ez dute Zipiriñeko gure haurren alde egiten, 2023ko aurrekontua baztertu baitute, Zipiriñerako haur-parke berri bat sortzea barne”.

 

EH Bilduk ezezkoa eman zien udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuei, hainbat arrazoietan oinarrituta. Ondorioz, EAJ-aren haserrea nabaria da, eta Larrabasterra zein zahar-etxea erabili ditu hauteskunde-arma gisa. Guruzne Carrassonen arabera, “Larrabasterra eta zahar-etxearen kasuetan bezalaxe, badaude bestelako bideak Zipiriñeko jolas parkearen berritzea eta bestela hobekuntzak aurrera eramateko, zehazki, aurrekontuen aldaketa zehatzen bitartez. Proiektu zehatzik balego, gu prest geundeke diru-partida horiek onartzeko. Ondorioz, EAJ-a zabaltzen ari den mezua erabat salagarria da: Zipiriñe hauteskunde-arma gisa erabiltzen ari da”.