AKTUALITATEA


| 2022-11-24 19:34:00

Aurrekontuak aztertzeko eta ganorazko eztabaida bat egiteko Udal Gobernuak emandako denbora tarte txikia salatu du EH Bilduk, EH Bilduren esanetan “EAJren aurrekontuek ez diote Sopelak dituen erronkei erantzun bat ematen”. Ezkerreko udal talde independentistak hainbat alorretan ikusi ditu gabeziak: kohesio sozialean, Euskaran, kulturan, udaltzaingoan eta hezkuntzan, esate baterako. Herrirako inbertsio estrategikoak ere ez direla aipatzen gaineratu zuen EH Bilduk: liburutegi berria eta saihesbideak, kasu. Azkenik, EAJren kudeaketaren balorazio negatiboa azpimarratu zuen EH Bilduren bozeramailea den Guruzne Carrassonek: “Komisaldegi berriarekin temati jartzea, gizalagezkotasunari buruzko ordenantza, Goiene kaleko lagapen irregularra, paddle pista berrien eraikuntzarekin sortuko den zuloa... Aurrekontuen bozketa gertaera politiko garrantzitsu bat da eta EH Bilduk ezin dio maila politikoan EAJ-ri baiezkoa eman, beste udal eredu bat proposatzen baitugu. Gauzak beste modu batean egin daitezke”. 

 

EAJ-ak aurkeztutako aurrekontu-proiektuari EZETZA eman die osoko bilkurak eta beraz, ATZERA bota dira aurrekontu jeltzaleak: Podemosetik kanporatutako zinegotziak ezetza eman die. Gauza bera EH Bilduk eta DBTUko zinegotzi bakarrak. Lehen bozketan Elkarrekin Podemoseko zinegotzia abstenitu egin da (berdinketa egon da) eta bigarren bozketan ezetza eman du (berdinketa apurtzeko). KOLPE GOGORRA EAJrentzat.

 

 

Ez da eztabaidarako tarterik egon”

Aurrekontuen azalpenerako eta eztabaidarako tarterik apenas ez du utzi EAJ-ak. Datak oso estuak izan dira, aurrekontuen inguruko azalpenik ez da eman Ogasun Batzordearen aurretik (EAJ-ak horretarako bilera bertan behera utzi zuen) eta Ogasun Batzordean hainbat zalantza erantzun gabe gelditu ziren (batez ere, kultura eta alor sozialean). EAJ-ak “rodilloa” pasa nahi izan du. EH Bilduk ezin dio jarrera hori onartu EAJ-ri.

 

 

EAJ-REN AURREKONTUEK EZ DIETE SOPELAKO ERRONKEI ERANTZUTEN”

Formez haratago, EH Bilduk aurrekontuen edukia ere kritikatu zuen. Udal gobernuak proposatutako aurrekontuek ez diete Sopelako beharrei irtenbiderik eskaintzen, behintzat ikuspegi aurrerakoi batetik. Hainbat adibide nabarmendu ditzakegu:

 

Kohesio soziala ez da sendotzen: 2022ko diru-laguntza kopuru berbera finkatzen du EAJ-ak eta beraz ez du egungo inflazio-krisia kontutan hartzen. Herritarren eros ahalmena ahuldu egin da 2022an zehar eta hori agertu behar da 2023ko aurrekontuan. Diru-laguntzak inflazioaren arabera handitu beharko lirateke, gutxienez. Horrez gain, EH Bilduk eskatu egin du diru-laguntzen plan estrategikoa berrikustea, diru-laguntza hauetarako sarbidea errazteko.

 

EAJ-ak prozesu parte-hartzaileez baliatzen da nahi duena egiteko: 2022ko aurrekontu-proiektuan EAJ-ak “kontingentzietarako” 100.000€ finkatu zituen (Alkateak nahi zuena egiteko diru-partida). EH Bilduk partida hori aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan erabiltzeko eskatu zuen, herritarrek erabaki zezaten zertan inbertitu diru hori. Bada 2022an prozesu parte-hartzaile bat egin da, herritarrek beraien iritzia eman dute baina ez da bozketa faserik egon. Udal gobernuak iritzi horiek bildu eta nahi duena egin du. Prozesu parte-hartzaile erabat arbitrarioa da eta alkateari nahi dituen erabakiak hartzeko aukera ematen dio. Gainera, 2023ko aurrekontuetan partida hori murriztu egiten da %50ean. EH Bilduk proposatzen du partida hori indartzea %50 batean eta bozketa fasea izango duen prozesu parte-hartzaile erreal baten bitartez, partida hori zertan aplikatzen den erabakitzea.

 

Hirukari diru-laguntzarik ematen ez dion Uribe Kostako Udalerri bakarra: Euskararen normalkuntzan tokiko euskarazko hedabideek duten eragina nabaria da. Estrategikoa da Hiruka bezalako komunikabideek egiten duten lana. EH Bilduren ustez, Hiruka diruz lagundu beharra dago, partida izendun baten bitartez.

 

Nabaria da Sopela eta Larrabasterrako jaien arteko desoreka: gure herriko bi jaien artean finantzazioa beste proportzio batean banatzea eskatzen dugu, Larrabasterrako jaiei bultzada handiagoa emateko asmoarekin.

 

Tokiko garapena eta komertzio txikiari babesa ahula: kohesio sozialarekin kritikatzen genuen bezala, partida hauek ez dira handitu eta beraz, inflazioa kontutan hartuta 2022ko aurrekontuetan zuten pisuarekiko txikiagoak dira 2023ko aurrekontuetan. BM hipermerkatuak duen eragin kaltegarria orekatzeko neurri gisa partida guzti horiek handitu beharko lirateke.

 

Ingurugiroan eta eraztun berdean finantzaziorik ez: aurreikusi diren 50.000€-ak ez dira aski Eraztun Berdearen azaroko batzordean aurkeztu zen plangintzari aurre egiteko. Urko-Iberrotako naturgunea, Fraide mendi aldea... Eraztun Berdeak inbertsio potenteagoa behar du izan.

 

Meñakoz kultur elkarteari eta Zirrimarra elkarteari diru-laguntza kendu diote: Udal Gobernuak Meñakozi bere egoitzan jarduerarik ez egitera derrigortu du. Sopelan euskal kulturaren alde horrenbeste egin duen elkarte hori diruz laguntzea eskatzen dugu, bere egoitza berrizteko finantzazioa emanez, partida izendun baten bitartez. Zirrimarra elkarteak diru laguntza eskatu badu ere, Gobernu Taldeak ukatu egin dio, inolako azalpenik gabe.

 

Kiroldegiko tarifen igoera: 2023ko ekitaldiari begira EAJ-ak kiroldegiaren tarifak igotzea erabaki du (datozen 6 urteetan %73a). 2022an %20a igo ditu tarifa horiek, baina herritarrak laguntzeko asmoarekin diru-laguntza bat txertatu zuen EAJ-ak 2022ko udal aurrekontuetan. EH Bilduk azpimarratu zuen laguntza hori urtero agertu behar zuela udal aurrekontuetan. 2023an ez da agertzen partida hori.

 

Komisaria berria eta polizia eredua: Sopelak bestelako lehentasunak dituen bitartean, EAJ-ak komisaria berri bat eraiki nahi du. Horretarako, Kosta Bareño/Viuda de Sainz enpresari partzela bat erosi dio Bareñon, BM ren aurrean. EH Bilduk egungo komisaldegia berritzea proposatzen du, inbertsio txikiago batekin eta Udaltzaingoa Sopelako erdigunean mantenduz. Polizia hurbilago nahi dugu eta ez dugu EAJ-ren proposamena babesten.

 

Gizalegezkotasunari buruzko ordenantzak eragingo duen kaltea: udal mailako mozal lege honek herriko eragile sozialen adierazpen eskubideak murriztuko ditu. Hori zuzentzeko, ordenantza atzera botatzeaz gain, herritarren kartelak jartzeko panel gehiago eskatzen ditugu.

 

Proiektu estrategikoak ez dituzte aipatzen: Alkatetzaren Memorian ez dira aipatzen zein den Udal Gobernuaren asmoa Sopelarentzat estrategikoak diren proiektuei dagokienez. Saihesbideak (Erripa eta Ingesta kaleko saihesbideak), liburutegi eta kulturgune berria, Sopelako BOE gehienak dituzten Abaro eta Erripako Plan Partzialak, Zipiriñeren espazio arazoak eta Loroño aparkalekuko moldaketa lanak... Udalak ardura hartu BEHAR duen Abadesoloko eraikinean egingo den inbertsioa ez da aipatzen, azken proiektua aurre proiektutik oso desberdina delako eta igoera horri aurre egitera behartuta gaudelako. Sopelako etorkizunari begira konpromisorik hartu nahi ez duen udal gobernua daukagu. Zer dela eta? EH Bilduk bere kezka adierazi du udal Gobernuak 2022an xahutu duen altxortegi-gaindikinaren zenbatekoaz. “Aurrezki” gabe gelditzen ari gara proiektu estrategikoei aurre egiteko. Herritarreei zintzotasuna zor zaie.

 

 

EAJ-REN KUDEAKETA EZIN DUGU POLITIKOKI BABESTU”

EH Bilduk eta EAJ-k proiektu politiko kontrajarriak ditugu. Komisaldegi berria, gizalegezkotasunari buruzko ordenantza, Goiene Kaleko lagapen irregularra, Kiroldegiko instalakuntzekin egindako kudeaketa... 2020 eta 2021ko aurrekontu akordioaren apurketa, Podemoseko zinegotzi transfugaren babesa zenbait proiektu kaltegarrietan... Udal gobernuarekiko daukagun mesfidantza nabaria da. EH Bilduk bestelako eredu bat proposatzen du Sopelarentzat: aurrerakoia eta euskaltzalea Beraz, Ezin diogu EAJri baiezko politikorik bat eman bere aurrekontuak onartuz.