Azken bi Udal Osoko Bilkuretan (urrian eta azaroan) aparteko ezustekorik gabe onartu dira udal-tasa eta zerga guztiak, oro har izoztearen eta % 2aren arteko igoerekin; baina bada salbuespen nabarmen bat: kirol-instalazioak erabiltzeagatiko tarifak % 5 igo dira; izan ere, 2024rako eguneratze hau aurreko legealdiko 2021eko maiatzean sinatu zuten BPX SPORT enpresak eta Sopelako Udalak. Kontratua zen, ez dezagun ahantz, 15 urterako gehi beste 5 urte gehiago luzatzeko aukerarekin.
2021eko maiatzaren 28an esan genuen publikoki: "Sopela 4 legealditarako hipotekatuta... 20 urterako inbertsioak finkatzen dira adostu gabe, kuotak handitzen dira... zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko ahalmena galtzen da kontzesioa oso luzea delako, langileen lan-baldintzak ziurtatzen ez dituelako eta abar". Etsigarria da esatea arrazoi genuela, eta orain Sopelako Udala 2021eko kontratu hori betetzera behartuta dago, enpresarekin lege-arazorik ez izateko.
Egungo Gobernu Taldea (EHBildu, Elkarrekin Sopela) kiroldegian dauden arazoen jakitun da, eta une honetan kiroldegiko zerbitzua aztertzen ari da: ea enpresak kontratua betetzen ari den, ea enpresak agindutako inbertsioak eta hobekuntzak betetzen dituen...
2021ean, EHBilduk zerbitzua udalekotzea aztertzea defendatu zuen, baina jakin bagenekien (eta oraindik ere badakigu) prozesu horrek arazo ugari dakarrela. Horregatik, 2021ean, bi urteko epe laburreko adjudikazioa negoziatzea defendatu genuen; une hartan, Elkarrekin-Podemosekin eta DBTUrekin batera egindako proposamena, baina ez zen aurrera atera EAJk, PSEk eta zinegotzi transfugak 15 + 5 urteko lizitazioaren alde bozka eman baitzuten eta azken unean EAJko alkate Josu Landaluzeren kalitatezko botoarekin onartu zen.
Une honetan helburu berberak ditugu eta egungo kontratua bertan behera utzi nahi dugu; baina udalak ezin du bere kabuz kontratua eten, eta horregatik hartu behar izan du bere gain % 5eko igoera udalaren aholkularitza juridikoaren txostenaren iritzia aintzat hartuz.