AKTUALITATEA


| 2020-07-15 10:33:00

Sopeloztarrei eskerrak

Sopeloztarron babesa da gure motorra, aurrera bultzatzen gaituena. Herritarrek EH Bildurekin bat egiten dutelako seinale. Dena kontra izan dugu (komunikabideak, esate baterako), baina aurrera egin dugu. Zuei esker. Gure eskerrik beroenak eman diguzuen babesagatik.

 

Gure balorazioa: inoiz jaso ditugun emaitzik onenak!

1841 boto, 148 botoko igoera 2016ko hauteskundeekin alderatuz (%9ko igoera). Sopelan bozka berri gehien erakarri dituen indar politikoa. Eta ez da kasualitatea: legegintzaldi berri honetako 3 hauteskundeetan, inoiz jasotako emaitzik onenak jaso ditugu herrian: udal hauteskundeetan, foru hauteskundeetan, Espainiar Estatuko hauteskunde orokorretan eta azkenik, eusko legebiltzarrerako hauteskundeetan! Urteetan egin dugun lanaren fruitua. Herritarron babesa. Gora herria!

 

EAJ/PNV-k behera

Jeltzaleek irabazi dituzte hauteskundeak. Sopelan ere lehen indarra dira, baina bozka galera nabarmena izan dute: 244 bozka galdu dituzte Sopelan, %8,55a, EH Bilduk zehazki %8,74a igo den bitartean. Deiak astelehenean bertan kaleratutako berriak argi erakusten du jeltzaleek Uribe Kostan EH Bildu indartsu bati dioten beldurra. Aurrera goaz eta geldiezinak izango gara!

 

Abstentzio handia

Koronabirusak eta gizarteak orohar alderdi politikoekiko duen mesfidantzak eraginda, azken hauteskunde hauetan abstentzioa oso handia izan da. EAEn %48a, Sopelan %44a. Sopelan hainbat alderditan eragin du abstentzioak modu negatiboan. Elkarrekin Podemosek 2016ko bozken %51a galdu du. EAJ/PNVk, esan bezala, 244 bozka galdu ditu. PSEk, ostera, 50 bozka irabazi ditu (%11,87ko igoera), Espainiar Estatuko gobernuan duen protagonismoaz baliatuz.

EH Bilduri abstentzioak ez dio negatiboki eragin: esan bezala, 148 bozka gehiago lortu ditugu Sopelan, 24.434 gehiago EAEn.

Hala ere, egoera politikoaren irakurketa kritikoa egitea beharrezkoa da: lan instituzionalaren eta kaleko aktibismoaren arteko oreka zaindu beharra, herri mugimenduekin elkarlanean aritzeko borondatea... argi dago kaleko sektore desberdinekin lankidetza estrategikoak landu beharko ditugula, orain arte egin dugun bezala baina modu sutsuagoan. Hori da orain zabaldu den momentu historikoak eskatzen diguna.

 

Aurrera begira

EAJ/PNV eta PSE gehiengo absolutua izango dute eusko legebiltzarrean, joan den legegintzaldiko akordioa berresten badute. Hodei beltzak ikus ditzakegu EAEren zeruertzan. Murrizketak datoz. Zelan eragingo du horrek Sopelan? Zipiriñeko eskolako espazio arazoak hor daude...

Euskal Herria Bilduk, ordea, 248.688 bozka lortu ditu, 22 ordezkari. Nafarroan dugun pisuarekin, Iparraldean azken udal hauteskundeetan lortutako emaitzekin eta EAEn egindako 24.434 botoko jauziarekin, bermea gara neurri atzerakoien kontra eta Euskal Herriaren burujabetzaren alde.

Hala ere, Sopelan gauza bat argi izan behar dugu: Sopelan EAJ/PNVk eta PSEk gutxiengoa daukate. Herriak eman digun babes honekin, geurera BILDU zaituztenokin, PREST gaude aurrean ditugun erronkei aurre egiteko, herri mugimenduekin elkarlanean, oposizio lan sendoa, konstruktiboa eta zorrotza gauzatuz. Garai latzak datoz. EH Bildu indartsu bat, bermea da herriarentzat. Arduratsu baina tinko.

Gora Sopelako EH Bildu eta gora Sopela!