AKTUALITATEA


| 2020-06-18 17:05:00

Kaleak hartzeko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekainaren 19an. Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako 45 herrietan mobilizazioak antolatu dira “Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz” bizitza lehenesteko eskariarekin.

Krisiaren lehen lerroan bizitzaren aldeko borrokan aritu diren langileek eta arlo ezberdinetako pertsona ezagunek sinatutako manifestuaren inguruan, ahotsak eta gorputzak elkartu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, ekainaren 19rako mobilizazioak deituz. Urtarrilaren 30eko grebatik ia bost hilabete pasatu direnean, konfinamenduaren ondoren kalera eta borrokara ateratzeko deia egin du eragile sindikal eta sozialak biltzen dituen Kartak.

Zazpi dira aldarrikapen nagusiak:
1. Zerga erreforma, krisia kapitalak ordain dezan
2. Zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publifikatu
3. Zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa.
4. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea
5. 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak.
6. 1.200 eurotako gutxieneko soldata eta gehienez 35 ordutako lan-astea.
7. Pertsona guztien erregularizazioa

Goizez, mobilizazioak egingo dira Hegoaldeko lau hiriburuetan 11:30ean hasita. Bilbon, Udaletxetik hasita, Donostian Alderdi Ederretik, Gasteizen, Foru Plazatik eta Iruñean, Bus geltokitik. Arratsaldez, hainbat herritan, tartean Sopelan, 19.00etan, Udaletxe plazan.