AKTUALITATEA


| 2021-07-09 09:00:00

Larrabasterraren unea heldu da

EH Bilduk, legegintzaldi honetarako programan, Larrabasterra biziberritzeko konpromisoa hartu du. Horretarako, 2020an aurrekontu akordio bat sinatu genuen EAJ eta PSEko udal gobernuarekin, Sopelarako estrategikoak diren proiektuak elkarrekin lantzeko, elkarlanean eta adostasunean. Horietako lan ildo garrantzitsu bat Larrabasterra izan da: “Larrabasterrarako inbertsio partida bat sortzea (hiri altzarien berriztatzea, Iberrota eta Urgitxieta plazen egokitzapena, Iberreko hirigintza hobekuntzak, Urkoko hezegunea hobetu eta zabaltzeko). Partida horrekin gauzatuko diren ekintzak prozesu parte-hartzaile baten bitartez zehaztuko dira”.

 

Horrez gain, akordio horretan, mugikortasunaren alorrari ere heltzen genion, "Sopelako trafikoaren arazoaren alternatibei buruzko parte-hartze prozesua” martxan jartzeko udal gobernuaren konpromisoa eskatuz. Trafikoaren arazoa, ondo dakigun bezala, Larrabasterrari eragiten dio maila handi batean.

 

EH Bilduk ekarpenak baditu Larrabasterrarentzat: uztailean bertan zabaldu dugun aldizkarian gure proposamen eta ideien berri eman nahi dizuegu. Etorkizuneko Larrabasterra denon artean lantzeko garaia da (IKUS ALDIZKARIA!).

 

 

Sopelako Udalak trafikoaren inguruan bultzatutako prozesu partehartzailea

Esan bezala, trafiko-arazoen eta Larrabasterraren inguruan prozesu partehartzaileak EAJ/PSE eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordiaren puntuak dira. Ekainaren 18an izandako bileran (batzorde mistoa izenekoa) Udal Gobernuak jakinarazi zigun bere proposamena: Larrabasterran trafiko-arazoen inguruko prozesu partehartzaile bat abian jartzea uztailean.

 

Zipiriñen egindako prozesu partehartzailean egin genuen bezala (non metodologia eta edukiak adostu genituen), Larrabasterrako prozesuan eztabaidatuko ziren proposamenak adostu nahi genituen Udal Gobernuarekin. Horretarako, prozesua gidatuko duen I-Batuz enpresarekin bilera bat egitea adostu genuen.

 

Hala ere, Udalaren webgunearen bitartez ohartu gara prozesuaren nondik norakoez eta bereziki, bertan eztabaidatuko diren proposamenez. Proposamen horiek ez daude EH Bildurekin adostuta. Beraz, gure ustez, Udal Gobernuaren jarduteko estilo honek ez du bat egiten aurrekontu akordioaren filosofiarekin, elkarlean eta adostasunean aritzea, alegia. Erdiguneko prozesuarekin gertatutako gauza berbera gertatu da.