Sopela

Albisteak

EH BILDU SOPELA, SOPELAKO ERDIGUNERAKO GOBERNU TALDEAK AURKEZTUTAKO PROIEKTUAREN AURREAN


| 2021-04-09 20:09:00

1. Proiektu hori udal-gobernuaren taldearena baino ez da, eta gure desadostasuna adierazten dugu proiektua gauzatzeko erabilitako prozedurarekin, EAJk eta PSEk EH Bildurekin lortutako aurrekontu-akordioa errespetatu gabe, eta gainerako udal-taldeei jakinarazi gabe.

2. Aurkeztutako proposamena sopeloztarrei prestatutako zerbaiti buruz iritzia emateko "kontsulta" baino ez dela salatzen dugu. Ez da Sopelako bizilagunek eta gizarte-eragileek parte hartzen duten benetako proiektu parte-hartzailea, mugikortasun-arazoei irtenbideak proposatu eta diseinatzeko.

3. Kale batzuk zati batean oinezkoentzat jartzeko aurkeztutako proposamenean, kontuan hartzen dira aurretik egindako mugikortasun- eta irisgarritasun-azterlanak, bai EH Bilduk alkatetza izan zuen legegintzaldian (2011-2015), bai aurretik eta bai ondoren egindakoetan, baina azterlan horietako bakar batean ere ez zen lurpeko aparkaleku bat eraikitzea proposatzen. Sopelako EAJren aspaldiko "ideia" da hori, eta ez du inoiz beste udal-talde batzuen laguntzarik izan, eta uste dugu egungo gobernu-taldeak “oharkabean” irentsiaraztea nahi duela. Aparkaleku horren aurka gaude, ez baita mugikortasun-arazoen irtenbidea; aitzitik, larriagotu egingo luke, herriaren erdigunean dagoenez, erakarriko lituzkeen ibilgailuen kopurua handitu egingo bailitzateke, eta, gainera, aparkaleku hori eraikitzeak hainbat urtez sortuko lituzkeen eragozpenak eta kostu ekonomikoa ere areagotu egingo bailitzateke, hainbat milioi euro, hain zuzen ere.

4. Sopelako barne-mugikortasunaren arazoaren konponbidea globala izan behar da, Erripako saihesbidea bezalako trafikoaren ingurabide posibleak garatzean datzana. Igarobideko trafikorik gabe, Akilino Arriolaz gain, guztiz edo partzialki Sabino Arana edo Loroño kaleak erdi-peatonalizatzea ere posible izango litzateke. Neurri horiek, Berangon hartutakoen antzekoak izanik, kale horietan aparkalekuak irabazteko aukera ere eman lezakete. Eta, betiere, gogoan izan behar da mugikortasun jasangarria izateko ezinbestekoa dela ibilgailu pribatuz egiten diren joan-etorrien kopurua murriztea, autoa ez erabiltzeko disuaditzea eta eredu jasangarriak erraztea (oinez, bizikletaz, garraio publikoz). Kontrakoa izango da epe luzerako hipotekak jartzea eta Sopela eredu zaharkituetara kondenatzea.

5. Azkenik, EH Bilduk berretsi nahi du beharrezkoa dela herriarentzat estrategikoak eta etorkizunekoak diren gaiei buruzko akordioak lortzea, azken bi urteotan udal aurrekontuen negoziazioan erakutsi dugun bezala. Horregatik, akats larritzat jotzen dugu konfrontaziora eraman dezaketen bidezidorrak bilatzen saiatzea, helburua herriarentzako irismen handia duten proiektuek ahalik eta babes handiena lortzea izan behar baita.

Sopelako EH Bilduko udal taldeak proposatzen du herritarrei informazioa eta kontsulta emateko hasieran aurreikusitako datak bertan behera uztea, eta erdigunea erdi-peatonalizatzeko eta Jauregizar plaza berritzeko sinatutako aurrekontu-akordioaren puntu hau garatzeko jarraitu beharreko prozedurak eta urratsak adostea, eta Udalbatzako talde guztiei Hirigintza Batzordean adostutako edukiaren berri ematea.