2011-2015 legegintzalditik EH Bildurentzat proiektu estrategikoa den Urko Hezeguneari bultzada berri bat eman zaio. Eraztun Berdearen kontseiluan (2023/04/26) adostu da Urko hezeguneari buruzko biziberritze-proiektua idazteko kontratazioa bideratzea. Lehenik proiektua idatzi behar da eta hori da kontratatu behar dena orain. Ondoren obra lizitatuko da. Hala ere, aurre-proiektua badugu: oso lan interesgarria, oso lan ona eta EH Bilduri asko gustatu zaio. Irizpide ekologiko sendoak. Gure ustez, EH Bilduk bere garaian proposatutakoa kontutan hartzen du aurre-proiektu horrek, baina haratago doa: Kiribilek proposatutako ekarpena kontutan hartzen du, hau da, gune osoaren naturalizazioa bermatzea.
Positiboa da ere Iberrota plazan egindako umeen jolasgunea ingurunearekin erabat integratuta egotea, EH Bilduk bere garaian eskatu bezala. Gogoratu EAJ-k jolasgune erraldoi bat egin nahi zuela, igerilekuen ondoko paddle pisten estalki urdina Iberrotara jeitsiz jolasgune hori estaltzeko. Gu erabat kontra agertu ginen eta pozten gara azkenean irizpide ekologikoagoak aplikatu direla azkenean.
Eraztun Berdea, gure lehentasuna. Joan den Eraztun Berdearen Kontseiluan zalantzak sortu zituen proiektuaren aurrekontu altuak (698.351,50€) eta batez ere, zuhaitzak landatzeko kopuruak 145.200,00€ (%21). Atzo egindako kontseiluan aurre-proiektua egin zuen enpresak aurrekontua azaldu zuen, proiektu osoarekin batera. EH Bildurentzat bai aurre-proiektua bai aurrekontua bera justifikatuta daude eta azken finean, LEHENTASUN KONTUA DA. Guk Sopelako naturguneen babesaren alde egin nahi dugu eta beraz, Udalaren lehentasun bat izan beharko litzateke behar besteko INBERTSIOAK egitea. Guk horretan ZALANTZARIK EZ.
Bide batez, Jose Mari Unanue ekarri nahi dugu gogora, Larrabasterrako auzokidea. Duela urte bete utzi gintuen. Jose Mari oso pertsona ezaguna zen herrian, bai hainbat kultur ekimenetan zuen inplikazioagatik, bai bere atxikimendu sozial eta politikoarengatik ere. Abertzalea, pertsona apala, hurbila, alaia eta uste sendokoa. EH Bildun ekarpen garrantzitsuak egin zituen bere "Larrabasterra maitea" buruan zein bihotzean zuela eta ekarpen horietatik ere loratu genuen Urko eta Iberrota artean amestu genituen ideiak. Gaurkoan pozik egongo litzateke Jose Mari.