AKTUALITATEA


| 2024-06-07 07:44:00

Lankidetza-akordioa. Edukia

Legegintzaldiaren hasieran EHBilduk eta Sopelako Auzo Alternatibak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten eta, horren bidez, EHBilduk ondorengo konpromisoak hartu zituen:

1.- Sopelako Auzo Alternatibak Gobernu Batzordeetan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe. 2.- Sopelako Auzo Alternatibak udal-espediente guztietara irispidea izatea murrizketarik gabe eta Alkatetzaren aurretiazko baimenaren beharrik gabe. 3.- Sopelako Auzo Alternatibako zinegotziarekin bilerak egitea, gutxienez hilero, Osoko Bilkuren aurretik, bertan landu beharreko edozein gai argitu ahal izateko eta 4.- Legegintzaldian sor daitezkeen beste lankidetza-bide batzuetara irekita egotea, Sopelako Auzo Alternatibak udalean lan egin ahal izan dezan; hala nola Uribe Kostako Mankomunitatean jorratutako gaiei buruzko informazioa jaso, etab.

Beste aldetik Sopelako Auzo Alternatibak konpromiso bakar hau hartu zuen: 1.- Guruzne Carrasson Torrontegi EHBilduko hautagaia Sopelako Alkatetzarako sarbidea babestea bere botoaren bidez.

Lankidetza-hitzarmena amaitzeko arrazoia

Lankidetza-akordio horretan bi alderdiek independentzia aitortzen ziotela elkarri eta hura errespetatzeko konpromisoa hartzen zuten arren, EHBilduk uste du Sopelako Auzo Elkarteak buru duen Sopelako Auzo Alternatibako zinegotzia bera aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak Abaroko hirigintza-garapena eteteko konfiantza-tarte oro hausten duela bi alderdien artean.

Lankidetza hitzarmena amaitutzat emateko erabakia sakon hausnartu da; Abaro proiektuari administrazioarekiko auzi-errekurtsoa 2023ko abuztuan aurkeztu zen eta udalak ez zuen haren berririk izan azaroan epaitegiaren jakinarazpena heldu arte. Ordutik hona ahalegina egin da Sopelako Auzo Elkartearekin akordio batera iristeko haien eskaerak une honetan Udalean izapidetzen ari den HAPO berrian jasoz. Ez da inolako akordiorik lortu eta ekainaren 3an Sopelako Auzo-alternatibak administrazioarekiko auzi-errekurtsoari eustea erabaki du eta negoziazioak amaitutzat eman dira.

Hirigintza-garapen honetan proiektatutako "Abaro" ez da EHBilduk nahi zuen Abaro, baina ezta beste alderdi politikoek edo lursailen jabeek nahi zutena ere... Abaro hau urte askotako lanaren emaitza da eta bertan 490 babes publikoko etxebizitza aurreikusten dira, irakaskuntza ertaineko Iberre institutua handitzeko lurrak kokatzen dira eta Gobela ibaiaren ibarra lehengoratzeko lurrak daude, Sopelako "eraztun berdea" proiektuaren barruan. Auzi-errekurtsoak segurtasun juridiko eza handia sortzen du, hain zuzen ere, zenbait izapidetze jadanik gelditu dira eta Sopelarentzat eta sopeloztarrentzat funtsezkoak diren hiru proiektu horietan eragin handia izan dezake.

Gogoratu behar da une oro espektro ideologiko zabal bateko herriko 17 zinegotzietatik 16k (EHbilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Sopelak) Abaroko garapenari jarritako administrazioarekiko auzi errekurtso erretiratzeko eskatu dutela eta haiekin batera lurren jabeak, herriko ikastetxe publikoko Gurasoen Elkarteak eta “eraztun berdea” bultzatzen duen Kiribile elkartea egon direla.

Zer esan nahi du lankidetza-hitzarmena amaitzeak?

EHbilduk akordioaren lehen bi puntuei eutsiko die, gobernantza kooperatiboko estilo bat defendatzen dugulako oposizioko talde guztiei egoki lan egiteko aukera emateko; baina ez ditugu hirugarren eta laugarren puntuak aplikatuko informazioa eta argibideak bide ofizialetatik kanpo emateko eta udaleko informazio-batzordeetan edo gainontzeko ohiko udal lan esparruetan emandakoa nahikotzat joko dugu.