AKTUALITATEA


| 2024-06-19 07:07:00

HAPOren garrantzia

Aurreko legealdiaren amaieran hasiera eman zitzaion Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria egiteari. EHBilduk HAPO berri baten beharra beti bultzatu du, hori baita Sopelako 1999. urteko Arau Subsidiario zaharkituak (oraindik indarrean daudenak) ordezteko lege-esparru erabakigarri bakarra. Arau horiek gaur egun dugun herria diseinatu zuten: familia bakarreko edo atxikitako etxebizitza asko lur-gune handiak erabiliz eta babes publikoko etxebizitza gutxi (ez salmentan, ez alokairuan).

Daukagun herriaren diseinua aldatu nahi badugu (etxebizitza mota eta etxebizitza publikoak, mugikortasuna, trafikoa, ingurumena…) HAPO berria ezinbesteko da, eta eredu hori finkatu aurretik, beharrezkoa da hausnarketa kolektibo sakona egitea, herritarrok hitza hartzea.

Aurretiazko dokumentuaren aurkezpena

HAPO berri hau garatzeko lizitazioa irabazi zuen arkitektura-taldeak, udalarekin elkarlanean, partaidetza-prozesu bat garatu du egunotan auzokide guztientzat irekia, bere proposamena ezagutarazteko aurretiazko dokumentu batean aurkeztuz eta iritziak, iradokizunak eta kezkak jasotzeko tailerrak antolatuz.

Parte-hartze prozesua: HAPO berria guztion artean egin behar da

Hauxe da EHBilduk bultzatzen duen eredua. Ez dugu udaletxeko hormen arteko eztabaida soil bat nahi sarri egin den bezalaxe, EHBilduk ez du isilpeko bilerarik nahi eta ez du nahi gure herriak beste 20 urterako zehaztuko duen hirigintza plana osoko bilkuren areto batean bakarrik egitea, edo are okerrago: teknikarien arteko eztabaida batean. Orain da garaia auzokide guztien artean eztabaidatzeko, "HAPOk herritarren beharrak eta nahiak islatuko dituela bermatzeko, hiri-plangintza inklusibo eta garden baterantz aurrera eginez", Guruzne Carrasson Sopelako alkateak (EHBildu) adierazi duen bezalaxe.

Ekarpenak egiteko unea

Fase hau ez da lehena, 2023an jada bi tailer egin ziren Kurtzion, irekiak horiek ere, eta informazio publiko nahikoarekin, hirigintzari buruzko oinarrizko informazio bat ezagutaraziz, egoeraren lehen diagnostiko bat eginez eta Sopelarik onena egiteko ideiak eta beharrak bilduz.

Tailer horietan jasotakoarekin, "Aurrerapen-dokumentua" aurkeztu egin da orain eta ekarpenak egin dakizkioke aurkeztutako proiektuari; EHBilduk ere bereak egingo ditu eta gure ildo politiko eta ideologikoarekin bat datozenak babestu eta bultzatuko ditu, Sopela hobetzeko eta sopeloztar guztien bizi-kalitatea hobetzeko: herri jasangarriagoa, irisgarriagoa, lagunkoiagoa, batuagoa dugu helburu.

Agiri ofizialak

Beste etapa batzuk ere izango dira: ingurumenaren ebaluazioa, aurretiazko dokumentua, alegazioak, behin betiko dokumentua, onarpena... Sortu eta sortuko diren dokumentu ofizial guztiak, lanaren ardura duten arkitektura-taldeak, prozesuak, parte hartzeko prozedura, datak eta abar www.sopelaplanorokorra.eus webgunean aurki daitezke.