AKTUALITATEA


| 2024-06-05 09:48:00

Lan gatazka

Sopelako kirol-instalazioetako langileak greban daude. Maiatzaren hasieran, kiroldegien arloko hitzarmen-aurreakordioa adostu zuten LABek, UGTk eta CCOOk; baina sindikatu nagusiak, ELAk, atzera bota zuen, eta mobilizazioei eutsi zien, enpresa-hitzarmenaren aldeko apustua eginez.

Sopelako EHBildu: langileei babesa eta konpromisoa egoera bideratzeko Sopelan

Sopelako EHBilduk langileei babesa osoa ematen die lan-baldintza onenak lor ditzaten izan daitezken ekinbide sindikalak baloratu gabe: arloko lan hitzarmena ala enpresarena.

Sopelako alkatetzan dugun erantzukizunari lotuz, gure esku dagoen guztia egiten ari gara gatazka hau konpontzen laguntzeko enpresarekin eta langileekin hitz egiten eta bitartekotza egiten saiatuz. Bitartekaritza zaila enpresak ez baitu onartzen enpresa-hitzarmen bat negoziatzea eta langileek sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa guztiz gutxiegitzat jotzen dutelako. Beste aldetik, enpresa pribatu batek langileei egin behareko soldata igoera osoa udalak beraganatzea ezin du inork eskatu.

Epe luzera, epe laburrera

EAJk eta PSEk sustatutako aurreko Gobernu taldeak "fardel handia" utzi bazion egungo gobernu taldeari (EHBildu eta Elkarrekin), zalantzarik gabe, kirol instalazioen kudeaketa da.

Gogora dezagun EAJk eta PSEk, Sopelako zinegotzi transfugaren laguntzarekin, Sopelako kirol-instalazioen kudeaketa BPX SPORT enpresaren esku utzi zutela 15 urterako + 5 urteko luzapenarekin, tarifen igoera hitzartuz eta Sopela 4 legegintzalditarako hipotekatuz. Egoera horri buelta ematea zaila da oso: tamaina honetako kontratu bat ez da "alde bakarretik hausten" egun batetik bestera.

Sopelako alkatetza (EHBildu) gai hau lantzen ari da eta joan den maiatzaren 30ean egindako osoko bilkuran 62.920 euroko aurrekontu-aldaketa bat onartu zen auditoria bat egiteko eta Urko, Abadesolo eta frontoiko instalazioetarako mantentze eta inbertsio plan bat egiteko. Gainera abian jarri da kirolaren plan estrategikoa.

Epe laburreko helburua sopelostarrek inolako arazorik gabe kirol-instalazioak erabili ahal izatea da, eta epe ertain-luzera begira, 15-20 urterako lotzen gaituen kontratua amaitutzat ematea eta zerbitzuaren udaleratzea aztertzea edo denbora laburragorako kontratua bideratzea.