AKTUALITATEA


| 2021-11-25 09:43:00

“Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dugu. Aurten ere kaleak hartu behar ditugu emakume izate hutsagatik egunero pairatzen ditugun erasoak salatzeko eta autodefentsa feminista aldarrikatzeko”. Horrela adierazi du Sopelako mugimendu feministak azaroaren 25erako egin duen deialdian (sopela.net). Bestetik, hona hemen Euskal Herriko Mugimendu Feministaren komunikatua.

EH Bilduk bat egiten du Sopelako mugimendu feministak gaur azaroaren 25rako deitu dituen mobilizazioekin: 19.00etan abiatuko da manisfestazioa herriko kaleak zeharkatzeko. Halaber, ordu horretan, Udaletxeko plazan bertan, Sopelako Udalak elkarrateratze batera deitu du. Ikus hemen manifestua.

Bestetik, gaurko osoko bilkuran, BIZKAIKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO LURRALDE SAREARI ATXIKITZEA  eztabaidatuko da. EH Bilduk ikuspegi kritikoz helduko dio gai honi, legegintzaldi honetan zehar egin duen bezalaxe:

"Beharrezkotzat jotzen dugu politika feministak garatzea, eta uste dugu sare honen parte-hartzearekin urrats txiki bat ematen dugula konpromiso horretan. Gure ustez, beste udalerri batzuekin elkartzeko gune horiek interesgarriak izan daitezke ikasteko, partekatzeko eta politika feministak bultzatzeko. Ez dugu ahaztu behar sare horretan egiten den lanak Sopelan eragina izan behar duela, oraindik asko baitugu egiteko.

Dakigunez, Sopelan, mankomunitateak kudeatzen du berdintasunaren arloa. Hala ere, mankomunitateak berdintasun-arlorako duen aurrekontua oso txikia da, txikiena, % 3,29 zehazki. Berdintasunerako lurralde-sareari atxikitzearen onuretako bat diru-laguntza gehiago lortzea dela azaldu diguzue. Ez al da hobe izango berdintasun-partida handitzea, behar den dirua izateko?" (Arantza Bilbao, 2021/11/25ko osoko bilkuran).