AKTUALITATEA


| 2022-09-08 18:52:00

Abaroko Plan Partzialak, Iberreko Institutua handitzeaz gain, Sopelak behar duen BOEa eraikitzea jasotzen du, udalerriko etxebizitzaren egoera larria hobetzeko. Sopelako EAJk dentsitate txikiko etxebizitzak bultzatu ditu historikoki, herriko jendearen, batez ere gure gazteen, benetako beharrei bizkarra emanez. EH Bilduk Abaroko sektorearen garapena desblokeatu zuen 2011-2015 legegintzaldian, alkatetzan egon zenean, baina plan partzial horren onarpena berriro blokeatu zen aurreko legealdian, EAJ udal gobernuaren buru zela.

 

Guruzne Carrasson EH Bilduko bozeramailearen arabera, “legegintzaldi berri honetan Abaroko plan partzialaren onarpenak etengabeko atzerapenak izan ditu. Badirudi EAJrentzat ez dela lehentasuna. Gure ikuspuntutik, egoera ezin da gehiago luzatu: Abaro beharrezko proiektua da, baina hobetu daiteke, eta, horregatik, dagoeneko onartu egin diren proposamenak aurkeztu ditugu. EH Bilduk publikoki hartu zuen Abaroko Plan Partzialaren onarpena errazteko konpromisoa, betiere sektorearen jabeek Plan Partzialaren behin betiko idazketan gure hobekuntza-proposamenak onartzen bazituzten. Erantzukizunez jokatuko dugu, Sopelaren interes orokorraren alde. EAJren eta PSEren gobernu-taldeari berdin jokatzeko eskatzen diogu, atzerapenak alde batera uzteko eta Abaro lehentasuna izateko”.