AKTUALITATEA


| 2023-05-26 08:34:00

Gure programa 11 lan-ildo nagusitan banatzen da. 6 bloke dira gure lehentasunak eta gaur horietako bati tartea emango diogu. Zer #egingodugu ETXEBIZITZA eta HIRIGINTZAREN ALORREAN?

 

I. ETXEBIZITZAREN ARAZOARI IRTENBIDEA:

  1. Babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) Abaron eta Erripan.

  2. Etxebizitza hutsak mobilizatu alokairuan jartzeko.

  3. Lonjak etxebizitza bihurtzeko ordenantza (BOE-en baldintzetan).

     

II. AUZO BIZIAK:

  1. Kaleen mantentze-lanetan zentratu.

  2. Adinekoen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei arreta berezia egin.

  3. Larrabasterran, Urgitxieta plaza eta Iberre auzoa eraberritu.

  4. Herri-kohesioa bultzatu hondartzetako auzoekin.

  5. Solondota kalea hobetu.

  6. Sopelako erdigunean, oinezkoentzako gunea hedatu.

  7. Jauregizar plaza berrizteko proiektua abian jarri.

III. HAPO BERRIA:

  1. Etorkizuneko Sopela irudikatzeko hirigintza-plan berrian ikuspegi aurrerakoiak bultzatu.

  2. Herri kohesionatuagoa lortu.

  3. Gure naturaguneak babestu.

  4. Etxebizitza pribatuen eraikuntza deskontrolatuari mugak jarri.

Nor da GURUZNE CARRASSON? 

Ingurumen zientzietan gradua (UPV/EHU) eta irakasleen prestakuntzako masterra burutua (Mondragon Unibertsitatea). Guruzne Carrasson Torrontegi (Sopela, 1991), profesionalki ingurumen-hezitzaile gisa hainbat erakundetan aritu izan da: aipatzearren, EAEko produktu sektorialaren lehen ingurumen-adierazpena ere egin zuen, zuraren sektoreari buruzkoa. Euskararen eta euskal kulturaren alde aritu da Sopelan aktiboki, herriko hainbat elkartetan parte hartzen, bi esparru horiek merezi eta behar duten bultzada emateko asmoarekin (Sopelako Jai Batzordean, Kuadrilen Koordinakundean, Korrika Batzordean, Euskaraldian, Ikastolako euskara taldean...). Feminismoan zein berdintasun-politiketan jantzia, 2019ko urritik aurrera, EH Bilduko zinegotzi liberatua izan da, eta 2021eko otsailetik, udal talde horren bozeramailea. Uribe Kostako Mankomunitatean Sopelako ordezkaria da eta legegintzaldi honetan, gure eskualdeko EH Bilduren koordinatzailea. Irakurzaletasuna, bidaiatzea, zinema, antzerkia, natura... zaletasun ugari dituen sopeloztar inplikatua eta hurbila (ikus "10 galdera Guruzne Carrassoni" elkarrizketa).

1. Zergatik aurkezten zara hauteskundeetara? Lehenik eta behin, gure oinarri sozialak hala eskatu didalako eta erantzukizun hori onartu dudalako. Sopeloztarra naiz, hemen hazi naiz eta beti egon naiz inplikatuta udalerriko hainbat mugimendu sozial eta kulturaletan, batez ere euskara, kultura eta gazteria arloetan. Sopelaren alde lanean jarraitu nahi dut, gure herria hobetu, bere eta sopeloztar guztien aukeretan sinesten baitut. Horrela, legegintzaldi honetan dedikazio osoko zinegotzia izan naiz. Udal taldearen gaur egungo bozeramailea naiz, eta ahalegin eta dedikazio handiko lau urte izan diren arren, lanean jarraitzeko eta Sopelak dituen arazo larriei erantzuteko nahikoa indar badaukat.

 

2. Zein da zure herriak duen arazo nagusia? Gure ikastetxe publikoen espazio-arazoak, gure ingurune naturalaren degradazioa, gure kaleetatik igarotzen den trafikoa, baina, batez ere, etxebizitzaren arazo larria eta Sopelak duen Babes Publikoko Etxebizitzarik eza, hirigintza-plangintza txarreko hamarkaden ondoren, gutxi batzuen interesak lehenetsi dituena sopeloztarren interesaren gainetik.

 

3. Zer egingo duzu konpontzeko? Etxebizitzan, Abaron eta Erripan BOEak bultzatzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzea lortzea, lonjak etxebizitza bihurtzea BOEen baldintza beretan. Hezkuntzan, bere garaian Loroñon proposatu genuen ikastetxe berria bultzatzea eta Zipiriñeko eta Iberreko hezkuntza-komunitateei laguntzea. Ingurumenari dagokionez, Eraztun Berdearen proiektuaren aldeko apustua egiten dugu. Mugikortasunean, oinezkoentzako lehentasuna eta saihesbideak. Eta hori guztia eredu kooperatibo eta eraldatzaile batekin egingo dugu, betiere gure balioak argi izanda: hurbiltasuna, gardentasuna eta elkarrizketa.

 

4. Gobernatzeko beharrezkoa balitz, beste indar politiko batekin itunik egingo al zenuke? Aberasgarria eta beharrezkoa ikusten dugu beste indar politiko eta eragile sozialekin lankidetzan aritzea, denak berdin jarrai ez dezan, Sopela alda eta hobe dadin, orainetik gure herriaren etorkizuna eraikitzeko: Sopela dinamikoa, anitza, feminista, euskalduna eta berdea.

 

5. Uste duzu zerrenda bozkatuena errespetatu behar dela? Zerrenda bozkatuena izan nahi dugu eta hauteskunde hauek irabazi. Behin egin genuen, Sopelako lehen emakumezko alkate Saioa Villanuevarekin, eta orain errepikatu egin nahi dugu. Hori esanda, joko demokratikoa gehiengoena eta adostasunarena da, eta, beraz, Sopelako Alkatetza babes gehien jasotzen duen udal-taldearentzat izango da. Eta benetan uste dugu gure proiektuak asko hobetuko duela Sopela, eta, horregatik, gizarte-, kultura-, hizkuntza-, hirigintza- eta ingurumen-arloetan udal politika anbiziotsuagoen aldeko apustua egiten duten Sopeloztar guztien babesa espero dugu.

 

6. Zergatik eman behar zaizu botoa zuri eta ez gainerakoei? Iraganarekin hautsi eta etorkizunera begiratu nahi duen Sopela ordezkatzen dudalako. Aldaketarekin konprometituta nagoelako, Sopelarekin eta bere jendearekin. Gure proiektua benetakoa delako: Sopela alda daiteke, hobeto egin daiteke eta benetan egin egingo dugu. Gainera, gure hauteskunde-zerrenda osatzen duten pertsona apartak ditut ondoan, Sopela maite dutenak, herrian erreferente direnak. Eta hori guzti gutxi balitz, zerrenda horren zati handi bat emakumeak dira, oso emakume indartsuak eta oso prestatuak, eta bada garaia geuk historia egiteko!