1. Zelan definituko zenuke zure burua? Zelakoa da Guruzne Carrasson?
Beti pentsatu izan dut horrelako galderak nire ingurukoek erantzun beharko lituzketela, baina galderari erantzuten saiatuko naiz. Langilea naiz, ikastea gustatzen zait eta azkar egiten dudala uste dut. Jendeari entzuten diodalako gertatzen da hori. Entzutea gustatzen zait, jendeak esan behar duena entzutea. Iritzi propioa izan aurretik, besteena ezagutzea gustatzen zait, zenbat eta jende gehiago eta anitzagoa, orduan eta hobeto, eta horretan oinarrituta eraikitzen dut nire iritzia. Ez naiz pentsatu gabe hitz egiten duen horietakoa.
2. Zerk bultzatu zaitu zure burua Sopelako Udalaren alkatetzarako aurkeztea? Zergatik izan nahi duzu alkate?
Azkenean, garapen naturala izan da, erdi markatuta zegoen bideari jarraitzea, erreka itsasorako bidea egiten duen bezala. Hiru urte daramatzat zinegotzi liberatu gisa eta ia bi urte daramatzat EH Bilduren bozeramaile izaten. Beraz, denbora tarte horretan zehatz-mehatz ezagutu ahal izan dut udalaren funtzionamendua.
Udalean eman dudan denbora ez da amaitu: Sopelaren alde lanean jarraitu nahi dut. Horregatik aurkeztuko dut nire burua hautagai gisa, Sopelaren alde lan egiten jarraitzeko, denok tokia izango dugun eta denok ahotsa izango dugun etorkizuneko herri berria irudikatzeko. EH Bildu Sopelan hain beharrezkoa dugun aldaketarako tresna da, ziur nago: etorkizuneko Sopela beste modu batean irudikatzeko plan bat dugu eta nik plan horren parte izan nahi dut.
3. Zergatik EH Bildu? Zer eskaintzen dio EH Bilduk Sopelari?
Sopelak aldaketa sakona behar du eta EH Bildu aldaketarako tresna bakarra da. Gure ikuspegia zabaldu behar dugu, orainatik etorkizunera: epe luzera diseinatu behar dugu. Herriaren beharrak aztertu behar dira, baina modu integralean, eta ez modu partzialean: horrela bakarrik lortzen da egiturazko arazoak desagerraraztea. EH Bilduk ikuspegi integral hori badu, plan bat du herri honentzako eta badakigu nola gauzatu plan hori.
4. Legegintzaldi honetan zu izan zara EH Bilduren zinegotzi liberatua eta bozeramailea. Zein da zure balorazioa?
Asko dago egiteko, herrian premia asko daude, eta horiek guztiak ez dira lehentasunezkoak izaten ari. Gainera, inprobisazio sentsazioa dago. Ez dago epe luzerako helbururik ezarrita, eta, beraz, ez dago jarraitu beharreko ibilbiderik. Arazoak sortu eta adabakiak jartzen dira, baina ez dira konpontzen egiturazko arazo hori. Planifikazio falta handia dago.
5. Babestuta sentitzen zara? Nortzuk dauzkazu zure ondoan?
Bai, oso babestua sentitzen naiz. EH Bilduk talde gisa funtzionatzen du, ezin liteke bestela izan. Inguruan ditudan pertsona guztiei esker, erraza izan da aurkeztu ditugun ekimen, proposamen, proiektu eta ideia guztiak gauzatzea. Baina ez naiz zinegotzi-taldeaz bakarrik ari, ideiak, beraien ezagutza edo beste ikuspuntu bat emanez lagundu diguten pertsonez baizik. Azken hauek ere funtsezkoak dira.
6. Zer eskatuko zenieke Sopelako herritarrei?
Gure herritarrei lankidetza eskatuko nieke, udal politikagintzan parte hartzea. Berdin dio zer nolako parte-hartzea izaten duten, ekarpen guztiak dira baliozkoak. EH Bilduren proiektua aurrera eramateko jendearen laguntza behar dugu. Herritarrok erabaki behar dugu zelako Sopela nahi dugun: sopeloztarrok gara herri honetako arkitektoak eta hori sinetsi egin behar dugu. Guk asmatuko ditugu Sopela hobetzeko beharrezko ideiak eta guk egingo ditugu posible ideiak horiek. Horregatik, beharrezkoak dira sopeloztarren ekarpen guztiak, guztion artean nahi eta merezi dugun Sopela errealitate bihurtzeko. Denon artean lortuko dugulako, egin daitekeelako. BESTE MODU BATERA EGIN DAITEKE, HOBETO EGIN DAITEKE.
7. Zelan baloratzen duzu bukatzear dagoen legegintzaldi hau? Zelan baloratzen duzu EH Bilduk egindako lana?
Sopelako agenda politikoan funtsezko gai batzuk txertatu ditugu. Agenda politikoa markatu dugu, oposizio estilo serio, arduratsu eta eraikitzailearekin. Oso kritikoak izan gara EAJ/PSEren kudeaketarekiko, baina gure kritikak proposamenekin bideratuko ditugu. Kritika bakoitzeko alternatibak proposatu ditugu, gure balioekin erabat modu koherentean. BADAKIGU ZER EGIN. PLAN BAT DUGU.
Oposiziotik Udalaren politiketan eragin dezakegula uste dugu, zintzotasunez. Hala ere, errealitatea gogorra da eta zaila da benetan gure proiektuak guk nahiko genituzkeen bezala abian jartzea. Oinezkoentzako gunearen “esperimentua” adibide garbia da. Ez dugu proiektua oztopatu, ekarpenak egin ditugu, baina guretzat garrantzitsuenak zirenak ez dituzte kontutan hartu. Gauza bera gertatu da HAPO-ren erredakzio przoesuarekin. Hortik dator gure lema: GAUZAK BESTE MODU BATEAN EGIN DAITEZKE, GAUZAK HOBETO EGIN DAITEZKE.
8. Zelan ikusten duzu Sopela gaur egun?
Euskal Oasiari EH Bilduk egiten dion kritika Sopelari aplika dakioke. Erakusleiho bat agertu nahi dute, baina errealitatean gure herriak arazo ugari ditu: etxebizitza, ingurugiro kaltetuak, hezkuntza zentroen espazio arazo larriak, kultur eta aisialdirako instalazioen gabeziak, trafikoa, komertzio txikiaren egoera, kirol instalazioen kudeaketa... arazo horiek guztiak sopeloztarren bizi kalitatean eragin kaltegarria dute. EAJ-ren politikek ekarri gaituzte hona. Hamarkada luzeetan, interes partikularrak gailendu dira interes orokorren gainetik. EGOERA HONI BUELTA EMAN BEHAR DIOGU.
Eta aukera badago aldaketa bat emateko herrian: Sopela herri gaztea da, dinamikoa, sormen handikoa. Gizarte mugimenduan loraldi bat ematen ari dela uste dugu. ORAIN DA ABAGUNEA egoera iraultzeko, Sopela herri biziagoa bihurtzeko, auzokideen bizi kalitatea hobetzeko, azken finean.
9. Eta zelan dago Udala?
Oso desengonkorra. EAJ-ak ez ditu ondo kudeatu udal alderkiekiko harremanak. DBTUk eman zion alkatetza bigarren aldiz EAJ-ri hitzarmen baten bitartez. EAJ-ez zuen bere hitza bete eta DBTUk akordioa hautsi zuen. EH Bilduk saiatu egin zen Sopelarentzat estrategikoak ziren proiektuen inguruan adostasun minimo batera heltzen, baina ez dugu bat egiten EAJren gobernantza ereduarekin. Boterea nahi du gauza guztien gainetik. Kontrola. Esan bezala, interes partidistak lehenesten ditu jendartearen beharren gainetik. Udalgintzan dugun ikuspegiarekin ez du bat egiten estilo horrek eta gure harremanak zaildu egin ziren. Ondoren, Elkarrekin Podemosen haustura etorri zen, Podemosetik kaleratutako zinegotzi transfugarekin. EAJ-ak politikaren marra gorria zeharkatu zuen, transfugaren bozkekin atera baititu hainbat proiektu aurrera. Gure ustez, jarrera onartezina eta erabat arbuiagarria. Azkenik, udal gobernuaren noraezea azpimarratu nahi dugu: interes elektroralista eta propagandistiko hutsarekin egindako gastu izugarriak, Udalaren inbertsio ahalmena erabat kaltetu dutena. UDALA BESTE MODU BATEAN KUDEATU DAITEKE.
10. Zein da EH Bilduren proiektua Sopelarako?
EH Bilduk argi dauka bestelako modu bat badagoela udal-politika egiteko, bestelako gobernantza-eredu kolaboratiboagoa. Udalgintza egiteko beste eredu bat proposatzen dugu, balio zehatz batzuetan oinarrituta: «Justizia eta berdintasuna, feminismoa, euskaltzaletasuna, ekologismoa, gizartearen zerbitzurarekiko bokazioa, gardentasuna, egiazkotasuna eta konfidantza, eredugarritasuna, elkarrizketa eta akordioa, errespetua, zintzotasuna, hurbiltasuna…».
Argi dugu zeintzuk diren gure lehentasunak. Gure naturguneak babestuko dituen (eraztun berdea) hirigintza (etiko) berri baten alde egin behar dugu (HAPO berria); alokairu publikoa hobestuko duten babes ofizialeko etxebizitza zonalde berriak bultzatu (Abaro eta Erripa); gure herriko trafiko-arazoak arintzea (saihesbide berriak, trafikoaren norabidea, metro maiztasuna handitu…); Gazteentzat eta herriko eragile sozial eta kulturalentzat ekipamendu berriak prestatu; Emakumeen Etxea bultzatu eta politika femenistak abian jarri; hezkuntza-zentro publikoen baldintzak hobetu (Iberre handitu eta Zipiñe Berria bideratu); Uribe Kosta mailako eguneko zentroa bultzatu… Orain gure herri-programa lantzen ari gara, eta lanketa hori zuek guztiokin egin behar dugu.
Aldaketa badator. Beharrezkoa delako eta aldaketa hori irabazi egin duelako EH Bilduk, urte guzti hauetan egindako lanarekin, egindako proposamenekin, egindako ahaleginarekin. Lidergoa erakutsi dugu. Sormenerako gaitasuna. Sendotasuna. Ardura eta erantzunkizuna. Prest gaude. Lortuko duguna izugarria izango da.