Pasaia

Martxoak 8: BURUJABETZA FEMINISTA

Adierazpen instituzionala.

M8,Feminismoa | 2020-03-08 09:00:00

Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun. Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta desparekotasunen sustraiei heltzen ez dieten makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.

Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Eta konpromiso hori har dezakegu, bakar-bakarrik, zeharo demokratikoak diren prozesuak planteatzen baditugu, non instituzioetatik “obeditzen gobernatuko dugun”, emakume zapatisten hitzak erabiliz. Eta bakar-bakarrik lortuko ditugu gure bizitzekin zerikusia duten erabaki guztiak bizi garen tokian hartzen baditugu, gure lurraldeetan, gure herrialdean; hau da, subirano izan bagaitezke eta gure erabakitzeko eskubidea baliatzeko moduan bagaude.

Euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat eskatzeko eta eraikitzeko lanean jarraitzen dugun bitartean, subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe. Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.

Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, politika feministen alde hartutako konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.

Horregatik guztiagatik, Pasaiako EH Bilduko kideok kalera irtengo gara, Euskal Herrian erabaki nahi dugulako emakumeok. Gure bizitzen eta lurraldeen jabe izan nahi dugulako.

Pasaiako EH Bilduk “Delituaren prebentziorako eta segurtasun plana” aurkeztuko du astelehenean

Aurkezpena datorren martxoaren 9an izango da, astelehena, arratsaldeko 19:00etan Pasai Antxoko Kultur Etxean.

Segurtasuna,Udaltzaingoa,Gizarte-ekintza | 2020-03-06 10:30:00

Datorren astelehenean, hilaren 9a, Pasaiako EH Bilduko kideok azken asteetan landu dugun segurtasun planerako proposamena aurkeztuko dugu arratsaldeko 19:00etan Pasai Antxoko Kultur Etxean. Deialdia irekia izango da eta herritar zein eragile ororen parte-hartzea bermatu nahi dugu ahalik eta iritzi eta proposamen gehien jaso ahal izateko. Bertan jasotzen ditugun proposamenak, gure planteamenduan txertatu eta Bozeramaile Batzordeari aurkeztuko dizkiogu.

Pasaiako EH Bilduk landu duen proposamena transbertsala eta errealitateari egokitutakoa da.

Pasaiako EH Bilduk landu duen proposamena transbertsala eta errealitateari egokitutakoa da, segurtasunak hainbat herritar kezkatzen dituela aitorturik, bizitza duinaren bidean beldurrak uxatzea beharrezkoa dela uste dugulako. Gai honetan eragiteko populismotik ihes egin eta jarrera sendo eta integrala erakutsi behar dela argi dugu, izan ere, delinkuentzia eta segurtasun faltaren arazoak beste arazo sakon batzuen sintoma besterik ez baitira. Hori dela eta, erabat beharrezkoak diren eta segurtasunarekin zuzenean loturiko hainbat neurrirekin batera, ezinbestekoa da modu zabal eta sakonago batean gaiari heltzea eta arazoaren konponbidearen errezetan, besteak beste, hezkuntza-, gizarte-, kultura-, kirola-, eta hirigintza-politika publikoak ere txertatzea. Azken batean gizarte kohesioari loturiko gaia baita.

Honekin lotuta, landu dugun proposamenak sei lan ildo barnebiltzen ditu, eta Pasaiako Udaltzaingoaren berregituratzeaz eta eredu aldaketaz haratago, bizikidetza, integrazioa, hiritartasuna eta espazioko esku-hartzea bezalako gaiak jorratzen ditu.

Udal Gobernuak nahiko axaleko erantzuna eman duela uste dugu. Horregatik, Pasaiako lehen indar gisa lekukoa hartu eta lanean jarri gara.

Dagoeneko Laurak Bat, ELA, LAB eta Pasaiako Udaltzaingoarekin bildu gara gure proposamena aurkezteko, eta orain, herritarrekin biltzeko txanda da. PSE eta EAJ-k osatutako Udal Gobernuak nahiko axaleko erantzuna eman duela uste dugu, polizia-erantzuna handitzea, bideo-kamerak jartzeko proiektua abian jartzea eta argiteria hobetzea ez baitzaizkigu iruditzen arazo honi eman dakizkiokeen irtenbiderik onena. Horregatik, Pasaiako lehen indar gisa lekukoa hartu eta lanean jarri gara.

EH Bilduk gogor salatzen du dagoeneko ondo hornituta dagoen taberna bati diru publikoarekin terraza berri bat ezartzea

PSE eta EAJ/PNV-ri edukiontziaren erosketa lehenbailehen bertan behera uzteko eskatzen diegu. Edukiontzi hori ez da Pasaiak duen lehentasuna.

Ibaiondo,Pasai Antxo,Merkataritza | 2020-02-19 11:30:00

PSE eta EAJ/PNVri lizitazioa lehenbailehen bertan behera uzteko eskatzen diegu.

Kasua sakonki aztertu ondoren eta Antxoko tabernariekin eta Laurak Batekin (merkatarien elkartea) bildu ostean, EH Bilduko kideok Ibaiondoko kantinan diru publikoarekin ordaindutako terraza-edukiontzi bat ezartzea onartezina dela uste dugu. Ondorioz, PSE eta EAJ/PNVri lizitazioa lehenbailehen bertan behera uzteko eskatzen diegu.

EH Bildutik ez dugu ulertzen ze behar duen Pasaiak momentu honetan halako edukiontzi bat erosteko.

EH Bilduren ustez, Antxoko Ibaiondoko kantinak baditu beharrezkoak diren gutxieneko ekipamenduak lizitatua izan ahal izateko, 2015ean 14.912,77€ko kostua izan zuen terraza batekin hornitu baitzen (98 mahaitxo, 40 aulki, kalitate oneko 9 eguzkitako eta 9 erradiadore). EH Bildutik ez dugu ulertzen ze behar duen Pasaiak momentu honetan halako edukiontzi bat erosteko, jakinik, ezarriko den edukiontziak erabilera pribatua izango duela –kantinaren erabilerarako mugatuko baita– eta ez publikoa.

Gainera, Udalak –eta konkretuki hirigintzako zinegotzi ordezkariak–, 2019ko apirilean Antxoko pilotalekuaren ondoan estalki bat eraikitzeko proiektua enkargatu zuen, 11.797,50€ko kostua izan zuena, eta oraindik proiektua formalki aurkeztu gabe dagoela, 32.000€ko edukiontzi bat erosteko prozesua abian jarri da. Ondorioz, proiektua enkargatzen gastatu den dirua zaborrontzira bota da zuzenean. Kontutan hartzekoa da, edukiontzi berriak 6 mahaitxorentzat duela tokia irekita dagoenean eta 3rentzat besterik ez, itxita.

Beste behin ere norabiderik gabeko udal gobernu baten aurrean gaude.

Laburbilduz, beste behin ere norabiderik gabeko udal gobernu baten aurrean gaude, inprobisazioaren ondorioz pasaitarron bizi-kalitatearen aurkakoak diren erabakiak hartzen dituena. Benetan uste al dute PSE eta PNVk hutsik gelditzen den kantina baten lizitazioa bermatzeko 58.710,27€ gastatzeak arazoa konponduko duela? Hau al da Pasaiarentzat lehentasunezkoa den ekintza bat? Ze ezkutuko interes dituzte PSE eta PNVk? Tabernariei kantinak funtzionatzen ez duela onartu ostean edukiontziaren erosketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute.

Frontoia ireki eta isteko eta bertako komunak garbitzeko pertsona bat topatzea bada euren lehentasun bakarra, badaude beste formula batzuk.

EH Bilduren ustez edukiontzia ez da lehentasunezkoa. Gai askoz ere garrantzitsuagoak eta zaharragoak daude oraindik konpondu gabe, horien artean segurtasunari jatorritik helduko dion plan zabal baten garapena, herri barneko mugikortasuna hobetzearen afera baita aparkalekuak berrantolatzearena ere. Gobernuan egon diren 6 urtetan konpondu ez dutena, alegia. Frontoia ireki eta isteko eta bertako komunak garbitzeko pertsona bat topatzea bada euren lehentasun bakarra –lizitazioaren kontratuan hori jasoa baitator–, badaude beste formula batzuk.

U30 Greba Orokorra: planto egiteko unea da

Pasaiako Udaleko EH Bilduko zinegotziok Eskubideen Kartak deitutako Greba Orokorrarekin bat egingo dugu.

Greba,U30 | 2020-01-29 22:00:00

Asteartean osoko bilkura ospatu zen Pasaiako Udalean eta EH Bilduk mozio bidez eskatuta datorren urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren inguruan eztabaidatu zen, gauza asko agerian utzi zituen eztabaida.

EH Bilduko Iraitz Pazos zinegotziak argi adierazi zuen: “Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatuko ditugu. Bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugulako bizitza erdigunean jartzeko. Aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka eta jendartearen beharren araberako antolakuntza, besteak beste, izan behar dute gure ardatz. Horregatik, datorren ostegunean "planto" egingo dugu. Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokari aurre egiteko."

PSE-EE-k denbora eskatu zuen, “oraindik ez baitira lehen ehun egunak igaro” espainiar Estatuan gobernua aukeratu zenetik.

EAJren arrazoiak entzuteko modukoak izan ziren: "Greba egitea langileen eskubidea da, legeak hala aitortzen duelako. Baina bertan egiten diren aldarrikapen gehienak ez daude gure eskumenen artean, beraz, ezin dugu halakorik babestu."

Ez genuen mundu mailako autogobernurik zabalena? Eta edozein kasutan mobilizazio honek planteatzen dituen helburuekin bat egiteak eskumenak norenak direnaren arabera doa? Planteatzen diren eskubideekin bat egiten badugu horien alde borrokatzea dagokigu, esparru guztietan, izan eskuduntzak direnenak. Argi izanik eskumen guztiak hemen izan nahiko genituzkeela.

Harri eta zur utzi gintuzten ere Podemosen argudioek: "Greba honek batu beharrean gizartea zein kolektibo sozialak zatitu egiten ditu. Honetaz aparte, greba honek ez du aldarri zehatzik, dena aldarrikatzen da. Eta... Eskumenen harira, nahiago duzue transferitu gabe dauden eskumenak PNVk izatea? Gure ustez hobeto daude Madrilen koaliziozko gobernu progresistaren menpe.”

Udalbatzarrean egindako adierazpen hauek autogobernuarekiko eraso larria dira. Birzentralizazioaren aldekoak al dira orain? Gernikako Estatutuak zehazten dizkigun eskumenak Madrilen gelditzea defendatzen dute, orain? Edozein kasutan begibistakoa da Euskal Herrian gehiengo egonkorragoak ditugula, eta izango ditugula, Madrilen baino, eskubide sozialak bermatzeko.

Azkenik, EH Bilduko kideok erabat argi dugu. Planto egiteko unea da. Pentsioena denon afera da, eta bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Gobernuan edonor egonda ere.

Beraz, U30 GREBA OROKORRA, DENOK KALERA!

Urtarrilak 30 - Greba Orokorra: lan, pentsio, bizi duinaren alde

Pasaiako EH Bilduk Grebaren inguruko mozioa erregistratu du urtarrilaren 28ko plenoan eztabaidatua izan dadin.

Greba,Bizi duina,Pentsioak | 2020-01-14 13:00:00

Guztion bizitza baldintzak hobetzeko, eta sistema neoliberalak ezarri nahi digun prekarizazioari aurre egiteko, azken urteotan denboran mantentzen ari deiren mobilizazio sozial handiak egiten ari dira Euskal Herrian: pentsiodunak, mugimendu feminista, gazte mugimendua, langile kolektibo desberdinak, Korrika, errefuxiatuen aldeko ekimenak, klima aldaketari aurre egiteko mobilizazioak eta abar.

Honekin lotuta, pentsio eta lan duina aldarrikatzeko, azken bi urteotan astero gure kaleak – Euskal Herrikoak zein Pasaiakoak - betetzen aritu diren pentsiodunen mobilizazio handi bat ekiteko deialdiari erantzunez, Karta Sozialak Greba Orokorrerako deia luzatu du 2020ko Urtarrilak 30erako.

Greba hau, bizitza duinaren aldeko borrokan dihardugun mugimendu desberdinek bat egiteko aukera berria da. Hala nola: pentsiodunak, feminismoa, euskal sindikatuak, ekologismoa eta abar. Horregatik, garrantzitsua deritzogu indarrak batzea eta denok elkarrekin planto egitea.

Grebak, hiru aldarri nagusi ditu: lan duina, pentsio duinak eta bizitza duina. Hiru aldarriek, beraz, bat egiten dute EH Bildun lehenetsiak ditugun lan ildoekin, eta gainera, gure ustez aldarrikapen hauek hiru modutara gauzatu ahalko dira: erabakitzeko eskubidea eskuratuz, instituzioetatik bestelako politika publikoak eginez eta patronala horretara behartuz. Laburbilduz: burujabetza eta udalgintza herrigilearen eraikuntza.

Ondorioz, aipatutako guztiagatik, Pasaiako EH Bildu osatzen dugun kideok bat egingo dugu Karta Sozialak egin duen greba deialdiarekin eta bide batez, gainontzeko pasaitarrei herrian sortu diren greba batzordeetan eta greba egunean bertan gauzatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egiten diegu.

MOZIOA

ALBISTEAK

Pasai San Pedroko Ondartxoko ez-pasealekua

2020-10-25 21:00:00

Hirigintza zinegotzi den Nahikari Oterminek hilabeteko epean hasiko zirela iragarri zuen arren, Ondartxoko obrak ez dira gutxienez abendura arte hasiko.

Donibane, noiz arte?

2020-09-19 12:00:00

Pasaiako EH Bilduko zinegotziak Donibanen.

Antxon, elkarbizitza, elkartasuna eta segurtasuna

2020-09-10 14:30:00

Pasaiako EH Bilduren zinegotziak Antxoko Zumardian.

Instituzio nagusiek Pasaiarekiko eta Pasaiako Portuarekiko duten arduragabekeria salatzen du EH Bilduk

2020-08-01 14:00:00

Artxibo irudia. Pasaiako EH Bilduko zinegotziak Pasai Antxo eta Buenavistako moilaren parean.