AKTUALITATEA


| 2023-01-31 12:40:00

Teo Alberro Bilbaok, 58 urteko trintxerpetarrak, datozen maiatzeko udal hauteskundeetan EH Bilduren Pasaiako alkategaia izateko hautagaitza aurkeztu zuen atzo Donibaneko Ubera liburutegian horretarako babesa eman dioten barruti guztietako kideez inguratuta.

EH Bilduren herri batzarretan jaso ditugun proposamenen artean nabarmendu da Teo Alberro Bilbaorena, eta ondorioz, hautagaitza aurkeztea erabaki du «ilusioz, baina, bereziki erronkak dakarren erantzukizuna kontutan hartuta».

Orain, EH Bilduren oinarriak Alberroren hautagaitza berretsi beharko du, horretarako datozen otsailaren 2an, 3an eta 4an gauzatuko den bozketan. Bozkatzeko bi bide egongo dira: elkarrekin.ehbildu.eus plataformaren bidez edota otsailaren 3an 17:00etatik 19:00etara Pasaiako Bilgunean, presentzialki.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu oinarriak hautagaitza berresten badu, datorren otsailaren 10ean, ostiralean, alkategaiaren aurkezpena egingo dugula arratsaldeko 19:00etan Trintxerpeko Alkateordetzan.

Hautagaiaren profila

Teo Alberro Bilbao (1964, Pasaia) filosofian lizentziaduna da eta bere lan-esperientzia irakaskuntzan hasi zuen arren, finantza-sektorearekin lotutako lanetan ibili da batez ere.

Pasaiako herrigintzan modu aktiboan parte hartu izan du udalerriaren hobekuntzan, eta gaur egun horrela egiten jarraitzen du elkarte ezberdinetan kide izanik. Besteak beste, Boveda aisialdi taldean egon da honen sorreratik, Tirri Tarra fanfarrean hainbat urtetan ibili zen musikari; beste zenbait elkartetan ere jardun du eta jarduten du egun, adibidez, San Pedroko Piña Kurdin elkartearen zuzendaritzan diruzain gisa. Hezkuntza alorrean ere aritu da Herri Ametsa ikastolako lehendakari gisa eta erakunde horretako ekonomia-batzordeko partaide moduan.

Hauek izan dira bermea eman dioten pertsonak: Junkal Mintegia Arregi, agintaldi honetan Pasaiako Udalean EH Bilduko bozeramailea, Ramontxo Illarregi Elberdin, Edurne Baztarrica Bilbao, Donibane Azkarate Badiola, Mari Luz Etxaniz Rojo, Jon Ander del Pozo Garcia, Ainhoa Calvo Maneiro, Mikel Garcia Peñil, Larraitz Illarregi Insausti, Jose Ignacio Murua Elizondo, Ane Etxeberria Arzak, Jon Ander Lopetegi Loyarte, Uxue Montalvo Goñi, Fran Berra Lemos, Amaia Muguruza Arregi, Imanol Anza Etxegoien, Lurdes Sistiaga Lujanbio eta Jone Larrea Ormazabal.