AKTUALITATEA


| 2021-06-07 16:00:00

Larunbat arratsaldeko 18:30ak aldera istripua gertatu zen Andonaegiko futbol zelaian (Trintxerpe). Sanpedrotarra talde pasaitarra Usurbilen aurka lehiatzen ari zela, taldeetako batek gola sartu eta zaletu batzuk futbol zelaiaren kanpoaldean dagoen hesi batera igo ziren hau ospatzeko asmoz. Hesia bere tokitik atera eta bertan helduta zeuden gazteak zelaira erori ziren. Gertakariak lau zauritu utzi zituen. EH Bildutik hauek lehenbailehen osatzea espero dugu, bereziki ospitalean jarraitzen duen gaztea.

Honekin lotuta, gertakariaren egunean bertan lekuko batzuen bidez zein EH Bilduk igandean zelaira egin zuen bisitaren ostean jakin ahal izan dugu hesia bridekin lotuta zegoela eta beraz, bere egoera ez zela onargarria. Ez hori bakarrik, argi eta garbi ikusi ahal izan dugu zelaia inguratzen duen hesiaren egoera, oro har, ez dela egokia eta hainbat tokitan hesien arteko loturak apurtuta daudela. Egoera txarrean dago bere osotasunean era arriskutsu.

Gure harridurarako, udal espedienteak errepasatu ostean, apurtzen diren hesietan bridak jartzeko ohitura handia dela ikusi ahal izan dugu, eta beraz, ez dela udalak metodo hau erabiltzen duen lehen aldia. Horrez gain, ikusi ahal izan dugu kudeatzaileek hainbat txosten egin dituztela azken urteotan zelaiak zituen gabeziak aditzera ematen, baita hesi perimetralari dagozkion gabeziak ere.

Udalaren utzikeria istripu larri batean amaitu da.

Beraz, argi eta garbi esan genezake kasu honetan udalaren utzikeria istripu larri batean amaitu dela. Zelai horretan denbora gutxian gertatzen den hirugarren istripua. Jarduera negligente baten aurrean gaude, egoeraz jabetu arren ez delako hau konpondu ezta aurreikusi ere konpondu behar denik.

Ulertzen dugu zaletuek ez zutela zertan bertara igo, badakigu hesia ez dela bertara igotzeko. Baina udal instalazioa izanik, udala da hori beharrezko kondiziotan eta txukun mantentzeko lehen arduraduna eta bakarra.

Hori dela eta, jakinarazi nahi dugu gertatutakoa argitzeko lanean ari garela eta dagoeneko udaltzaingoaren eta zerbitzu sailaren txostenak eskatu ditugula. Horiek aztertu ostean, beharrezkoa balitz, ardura politikoak eskatuko ditugu. Egoera hau onartezina da.