AKTUALITATEA


| 2019-11-15 16:00:00

Pasaitarren bizitza hobetzea eta erdigunean jartzea dugu helburu.

Pasaiako EH Bilduko kideok 2020ko aurrekontuen harira proposamen zehatzak aurkeztu eta erregistratu ditugu Udalean, pasaitarren bizitza hobetzea eta erdigunean jartzea helburu dutenak, herritarrek emandako konfiantza oinarri.

Kultura, ekonomia soziala eta gizarte ekintzako politikak indartu nahi ditugu.

Gure taldeak eginiko ekarpenek kultura, ekonomia soziala eta gizarte ekintzako politikak indartzea dituzte xede nagusi, besteak beste. Zehazkiago, gure herrian boluntario lanean ari diren kultur eta jolas elkarteek jasotzen dituzten diru-laguntzak handitzea, eta herriko jaietarako aurrekontuak emendatzea proposatzen dugu, herriari bizitasuna txertatzeko egiten duten lana aitortzearekin batera. Era berean, Eskola Kultura programa sustatzeko diru-partida sortzea proposatzen dugu, eskola kirolak jarduera fisikoen ezagutza bultzatzen duen bezala, Eskola Kultura programa horrek gure gazteen artean kultura bultza dezan. Azkenik, larrialdi sozialerako gastuetako partida handitzea proposatzen dugu, babesgabetasun egoeran eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak babestea oinarrizkoa dela iruditzen baitzaigu.

Herri honek dituen egiturazko arazoei aurre egiteko proposamenak ere egin ditugu.

Pasaiako EH Bilduren adostasun proposamena, ordea, aurrekontuetako partida batzuetatik haratago doa. Ondorioz, herri honek dituen egiturazko arazoei aurre egiteko proposamenak ere egin ditugu, legealdi hasieran aipatu bezala, gure ustez, udal talde guztioi adostasun batera iristea dagokigulako beste erakundeen aurrean gure herriari dagozkion neurriak exijitzeko. Adibide gisa, EH Bilduren ekimenez Portuak eragin ohi dituen ingurumenarekiko kalteekin osatu genuen proposamen bateratua.

Udal Foru Funtsak ez ditu aintzat hartzen Pasaiak dituen egiturazko erronkak.

Bukatzeko, aurrekontuez ari garen honetan, garrantzia berezia hartzen du Udal Foru Funtsak, hau da, Aldundiek udalerriei ematen dieten dirua banatzeko irizpideak, zeinak ez dituen aintzat hartzen Pasaiak dituen egiturazko erronkak. Ildo berean, jada eginda egon beharko luketen, edo gutxienez beste instituzioen agendan eta aurrekontuetan beharko luketen Donibaneko saneamendua, Pasaiako zahar egoitza berria edota Topoaren lurperatzearen aferetan elkarrekin borrokatzeko prestutasun osoa azaltzen dugu berriro ere, eta hala gogorarazi diogu Gomez Alkateari.

Eskua luzatua dugu.