AKTUALITATEA


| 2021-10-23 13:09:00

Hamabost urte barruko Pasaia nolakoa izatea nahi dugun deskribatzeko dinamika irekiko dugu EH Bildun. Oinarri guztiari zuzenduriko ekimenari Branka izena eman diogu, eta datozen hilabeteetan gauzatuko dugu. Lana, kultura eta portua izango dira prozesuan jorratuko ditugun lehenengo gaiak. Saio hauek EH Bildutik gertu sentitzen diren pasaitar guztiei irekita egongo dira.

Herri proiektua idazteko lehen saioan Pasaia, pasaitarrak eta lana 2035. urtean nolakoa izan beharko litzatekeen pentsatzen hasiko gara. Bigarren saioan, berriz, kultura, kirola eta aisialdian zentratuko gara; eta hirugarrenean, portua izango dugu hizpide. Saioa Donibaneko kulturguneko Komunikabide aretoan hasiko da 19:00etan.

Hainbatetan hitz egin izan dugu Pasaiako EH Bilduk behar duen herri proiektuaren inguruan. Agintaldi hasieran ekin genion herri pro iektua idaztearen ideiari, baina COVID-19ak eragindako egoerak eten zuen saiakera; izan ere, horrelako lana ezin da egin EH Bilduren komunitatea osatzen dugun pertsonok elkartu gabe. Egoerak ahalbidetu duen bezain pronto berriro ere ekin diogu Branka prozesuari.

Branka izena aukeratu dugu, bizi garen inguruneari erreferentzia egiteko. Era ontzien osagai honen izena aukeratu dugu, aurrera begira jarri nahi dugulako, etorkizunera begira jarri nahi dugu.

Brankak Pasaiako EH Bilduren etorkizunerako begirada bildu nahi du. Etorkizuneko argazki bat atera nahi dugu, hemendik hamabost-hogei urtera gure herria eta berau osatzen duten Antxo, Donibane, San Pedro eta Trintxerpe nolakoak izatea nahi dugun kontatuko digun argazkia.

Zergatik ekin dinamika honi?

Lan honi ekiteko hiru arrazoi nagusi daude:

  • EH Bildu Pasaiak idatziz jasotzeko Pasaiarentzat duen herri proiektua

  • Inprobisaziotik eta hauteskunde zikloen menpekotasunetik ateratzeko eta herrigintza garatzeko ezinbestekoa delako.

  • Pasaia dagoen atakatik ateratzeko sormen handia behar delako eta horrek espazio eta denbora propioak behar ditu

Aurrekoak zergatiak badira, orain helburuak azalduko ditugu. Brankak herrigintza eta borroka antolatzen lagunduko digu. Gorago esan moduan Iparra non dagoen erakutsiko digu prozesuak, gure ontzia hara begira jarri ahal izateko.

Branka egiteko modua

Modu malguan egingo dugu, ibiliz. Pasaiako EH Bilduren mahaiaren proposamena da hainbat gairen inguru hitz egiteko batzea, batzuetan modu arinean eta ekitaldiren baten aitzakipean, eta beste batzuetan berariazko lantaldeetan. Behar izatekotan, iritzi kualifikatua duten aholkularien ekarpena ere jasoko dugu.

Kasu guztietan mahaiaren proposamena gai bakoitzaren inguruan saio bat edo bi egitea izango da, baina elkartzen garenok hala erabakiz gero, gaiaren inguruko lantaldeak osatuko ditugu.

Hala eta guztiz ere, proposatuko ditugun saio guztietan galdera honi erantzuna ematen saiatuko gara:

Nolako Pasaia nahi dugu 2035. urtean X gaiari dagokionez?

Gaiak, berriz, herria herri egiten duten guztiak dira: lana, kultura, aisia, hirigintza, hezkuntza... Esan gabe doa, gure herriaren etorkizunerako mugarri den portuaren gaia ere jorratuko dugula.

200 urte egunero, Pasaia, pasaitarrei eta lanaz hitz egiteko

Besteak beste ikus-entzunezkoen proiekzioak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta, nola ez, lan-taldeak izango dira aipatu gaien inguruko hausnarketa egiteko bideak. Gorago esan moduan, Brankaren lehenengo ekitaldia ikus-entzunezko baten proiekzioa izango da, zehazkiago 200 urte egunero izeneko lana ikusi eta komentatuko dugu.

Dokumental honek hainbat Pasaitarren ahotsak jasotzen ditu, hainbat gairen inguruan hitz egiten. Horien artean lehenengo saioaren gaia izango den Pasaia, pasaitarrak eta lana. Duela 15 urte egina izanagatik, gaurkotasun handikoa da, eta gaur egun dirauten joerak ikusten ziren bertan.