AKTUALITATEA


| 2021-12-03 12:00:00

Atzo, Mertxe Aizpuruak berak bidalitako bideo batekin iragarri genuen bezala, datorren ostiralean, hilaren 10ean 18:30ean, EH Bilduren Espainiako Kongresuko diputatua eta bozeramailea den Mertxe Aizpurua Pasai Antxon egongo da pasaitarrekin mintzatzeko.

Solasaldia Pasaiako Bilgunean (Nafarroa Etorbidea 25) izango da eta gai nagusia Madrilen Luzuriaga Eraikinaren inguruan EH Bilduk lortu duen 6.000.000€ko akordioa izango da. EH Bilduren bozeramaileak pasaiako hautetsiez lagunduta emango die antxotarrei eta gerturatu nahi duen orori negoziaketen eta hauen emaitzaren berri. Horrez gain, herritarrekin honek etorkizunari begira irekitzen dituen aukera-leihoen inguruan hitz egiteko tarte bat izango dugu baita ere herritarrek diputatuari herrian Luzuriagaren baitan egon diren dinamika ezberdinen berri emateko.

Gogoan izan behar dugu pasa den astean aurrekontuen lehen bozketa egin zela Espainiako Kongresuan, eta tramite batzuk falta diren arren, EH Bilduk ziurtasunez esan dezakeela sei milioi horiek Pasaiako Udalera iritsiko direla orain baino lehen. Lortutako dirua, eraikina erosteko zein herriarekin eta bertako eragileekin elkarlanean erabakitako proiektu soziokulturala abian jartzeko izango da. Epeetaz hitz egiteko goiz den arren, ezin dugu ukatu Pasaian eta bereziki Antxon lortutakoak sortu duen ilusioa.

Mertxek ongi dioen bezala, «Madrilera, besteak beste, euskal herritarron bizitzak hobetzera joan ginen. Baita herritarron borrokei ahotsa ematera ere.» Hau da honen adibide garbia. Gurea konpromisoa delako, Luzuriagagatik borrokatuko genuela adierazi genuen, lortu arte ez genuela etsiko. Bada, eman dugu lehen urratsa, baina lana ez da hemen buka. Hasi besterik ez da egin.

BIDEOA