AKTUALITATEA


| 2020-03-08 09:00:00

Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun. Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta desparekotasunen sustraiei heltzen ez dieten makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.

Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Eta konpromiso hori har dezakegu, bakar-bakarrik, zeharo demokratikoak diren prozesuak planteatzen baditugu, non instituzioetatik “obeditzen gobernatuko dugun”, emakume zapatisten hitzak erabiliz. Eta bakar-bakarrik lortuko ditugu gure bizitzekin zerikusia duten erabaki guztiak bizi garen tokian hartzen baditugu, gure lurraldeetan, gure herrialdean; hau da, subirano izan bagaitezke eta gure erabakitzeko eskubidea baliatzeko moduan bagaude.

Euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat eskatzeko eta eraikitzeko lanean jarraitzen dugun bitartean, subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe. Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.

Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, politika feministen alde hartutako konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.

Horregatik guztiagatik, Pasaiako EH Bilduko kideok kalera irtengo gara, Euskal Herrian erabaki nahi dugulako emakumeok. Gure bizitzen eta lurraldeen jabe izan nahi dugulako.