AKTUALITATEA


| 2020-07-10 10:25:00

Uztailaren 12ko hauteskundeen atarian funtsezkoa dugu konfinamendu garai berezian ikasitakoa modu eraginkorrean aktibatzea. Herriz herri eta gure ekimen guztietan. Baita hautes-erronka honetan ere.

Erronka handia dugu: herritarren premiez jabetzeko eta herritarrekin batera bestelako eredu ekonomiko eta politikoa abiarazteko. Txaloak politika publiko sendoak bihur daitezen. Langileen ekarpen ezinbestekoak merezi dituen lan baldintzak eta soldata duina izan ditzan. Eta behar bezala baloratuak izan daitezen bertako nekazarien lana, herrietako komertzioa eta herritarrek osatutako kulturgintza , euskaraz sortutakoa bereziki.

Jendearen zaintza, erdigunean. Jendearekin elkarrizketa etengabean. Herritarrekin bat eginik eta batera. Ekiteko prest gaude. Eta prestaturik.

Ikasitakoa garrantzitsua izan da. Eta bestelako bizi eredu baten aldeko apustuan indartu gaitu. Konfinamendua bizipen gogorra izan da. Eta funtsezkoena zertan datzan erakutsi digu, nabarmen: nork bere bizia besteenarekin guztiz loturik duela. Bakoitzak bereari lotu eta elkarren aurkako lehian finkaturiko molde kapitalistak ez duela balio guztion bizitza bideragarria izan dadin. Bestelako eredu bat beharrezkoa dugula, guztiz. Eta, egoera zaila izan arren, herritarron indarra eta gaitasuna prest dagoela horretarako.

Pasaian ere ederki asko erakutsi dugu badakigula egoera zailei aurre egiten. Kutsatze arrisku handia zegoela, ongi eutsi diogu komunitate-babesteari, elkarren zaintzari. Zaurgarrienen zaintzan herritar askoren inplikazioari, udal langileen ahaleginari eta bereziki zaurgarrienen zaintzan inplikaturikoei (gizarte arloko langileei) gure aitortza eta esker ona adieraztea, lehenbizi. Eta horrekin batera, aitortza hori politika publiko sendoetan zehazteko konpromiso sendoa.

Oso agerian geratu dira, hala ere, gure herri honetan, eta oro har Euskal Herrian, sistema kapitalistak-eredu neoliberalak inposatuta sufritzen ditugun gabeziak. EH Bildutik etengabe aritu gara proposamenak egiten eta herritarren premia nagusiei begira Udalaren konpromiso zehatzak bultzatzen. Herritarrekin eta sektore kaltetuekin harreman zuzenean eta iritziak trukatuz. Entzutea agintzearen/kudeaketaren funtsezko atala baita.

Urtebete baino gehiago joan da PSOE-PNVk alkatetza berenganatu zutenetik, alkatetzaz jabetzetik haratago inolako egitasmo sendorik gabe eta kudeaketa sistema alderdikoi eta bertikalaz aritu dira 12 hilotan. Orain, pandemia honetako garai zailenak iraganik, ikasitakoa azkar asko ahaztu eta betiko molde zaharkituetan ari da Udala, ari dira gestioaren ardura dutenak, PSOE-PNV.

Adibideak ugariak ditugu; hartutako konpromisoak bideratu gabe, dena erdizka, berandu...Hortxe, adibidez, Donibaneko plazaren berrantolaketa inolako informazio edo kontrasterik gabe egin izana. Herritarren premia larrienei, ordea, entzungor eta itsu: Alabortzan elkarbizitza arazo berriak, Donibaneko alde zaharrean zikinkeria pilatzen asteburuetan, San Pedroko Puntetako paseoan kotxeak nolanahi,...

Jaiak bertan behera utzita, oraindik ere ez dute birplanteatu nolako uda beharko genukeen marraztu Pasaiarako. Eta ez dute interlokuziorik edo eztabaidarik ireki ditugun premiak-aukerak aztertzeko eta gure komunitatearen bizitza indarberritzeko. Turismo eredu eskasenaz aparte, ez dirudi bestelako ekimenik edo perspektibarik dagoenik alkatetzan.

Jokabide autoritarioetara itzultzeko oso zantzu kezkagarriak ari dira azaltzen azken asteotan. Adibidez, San Pedron sorturiko egon ezaren kritika isil araziz, pankartak desagerraraziz. Bestelako adierazpideak bultzatzen ditu horrek, agerian geratu bezala. Kuriosoa da, oso, nola ulertzen duten adierazpen askatasuna.

EH Bilduk argi azaldu du gure elkarlanaren aldeko hautua. Baina honek ez ditu inondik inora ere onartuko halako jokabideak. Eta ezin dugu salatu gabe utzi PSOE-PNVren ohiko jokabidea: gogorra herritarrekin eta otzana Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Pasaiako Portu Agintaritzarekin eta beste instituzioetatik inposatzen dizkiguten menpekotasun eta errekorteekin. Tarteka, adierazpen neurtuak kaleratzen dituzte. Erabakigune horietan guztietan PNV eta PSOE agintean daudela ahaztu beharko bagenu bezala. Udalen finantziazioa eta ahalmena larriki kolpatu duen Aldundiak erabakitako murrizketan, adibidez.

Gure jarduna ere hobetu beharra dago, noski. Herritarrekin egon, haien ahotsa eta premiak entzun eta, bereziki, bestelako aukerak eta proposamenak zehaztu eta kalera ateratzeko gaitasuna indartu behar ditugu datozen hileotan. Egoera oso latza bizi izango baitugu datozen hileotan. Sekulako erronka izango da krisi garai honetan politika publikoak, herritarren premiak eta jendearen zaintza erdigunera ekartzea. Bi ereduren arteko talka handia dator.

Orain arteko ereduari jarraituko dio PNV-PSOE bikoteak, lan baldintzak gehiago okertu eta aberatsenen interesak lehenetsi egiten duen ereduari, hain zuzen ere. EH Bildu da bestelako eredua indarrean jartzeko gakoa. Herrietan egiten ari garen lanaren balioa nabarmena da alkatetza dugun hainbat udalerritan. Uztailaren 12ko hauteskundeetan EH Bilduren erreferentzia indartzeak sekulako garrantzia du. Krisi sakon honi irtenbiderik emateko, herritarren interesetatik abiatuta eta elkarren zaintza erdigunean jarrita ateratzeko bidea irekiko baitugu horrela.

Zure bozkarekin bat, zure ahotsa, zure ekarpena, zure parte hartzea ere behar dugu alternatiba eraginkorra osatzeko. Merezi duzun, denok merezi dugun herria egiteko prest. Gaur ezinezkoa dirudien arren. Izan ere, eta Mandelak zioen eran, “guztiak ezinezkoa dirudi, egiten duzun arte”.