AKTUALITATEA


| 2023-04-22 12:00:00

Creative Commons lizentziari esker Oarsoaldeako Hitzatik ekarritako albistea da honakoa (ikus HEMEN jatorrizkoa)

Pasaiako EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetarako osatu duen hautagaitza aurkeztu du gaur arratsaldean. Hitzordua 19:00etan San Pedroko Torrean eginda bazuten ere, eguratsa ez dute aldeko izan, eta euriak behartuta Antxetara lekualdatu behar izan dute ekitaldia.

Bertara hurbildutako hamarka lagunen artean asko izan dira elkartera sartzea erabaki dutenak, eta besteren batek kanpotik entzun ditu koalizio soberanistako kideen konpromisoak.

Mikel Goñi Larrea bilkideak ireki du ekitaldia esanez osaturiko zerrenda ospatu egin behar dela. “Ospatzen dugu jende konprometitua eta anbizio handikoa badela herri honetan. Antxo, Trintxerpe, Donibane eta San Pedron bizi diren bizilagunak”, mintzatu da. Hautagaitza osatzen duten hogei izen-abizenak atzekoz aurrera zerrendatu ditu jarraian Goñik, ohorezko postuan Junkal Mintegia eta zerrendaburu Teo Alberro izanik. Lehen postuetan, izen berri asko.

Goñiren ondotik hitza hartu du Laura Re Lozano antxotarrak —zerrendan laugarren—. Murtziatik (Espainia) 2018an heldu zen Pasaiara, AEKn bertako hizkuntza ikasten hasi eta ordutik euskaraz bizi dela harrotasunez esan du. “Pasaitarrok, bertan jaiotakoek nahiz bertara etorri garenok, misio bat dugu: Pasaia denon herria izatea, eta denok hori horrela sentitzea, niri sentiarazi didazuen moduan”. Hurrengo legegintzaldian politika feministak izango ditu ardatz Reren militantziak.

Alberrok hartu du ondoren hitza, eta antxotarrak esandakoen bidetik errepikatu du maiatzaren 28ko hauteskundeetan bi aukera besterik ez dituztela pasaitarrek: “Herritarren beharrak alde batera uzten dituen eta erabakiak Pasaiatik kanpo hartzen dituen konbenientziazko matrimonioarena, alegia, PSE eta EAJrena, edo Pasaiak behar eta nahi dituen proiektuak elkarlanean garatuko dituenaren alternatiba; eta hori geurea da”.

Zerrenda osatzen duten pasaitarrek “herria bizi eta sentitzen” dutela baietsi du alkategaiak, eta horretxegatik baieztatu dutela euren konpromisoa datorren legegintzaldirako. “Gure herriaren alde aurrerapauso bat egitea erabaki dugu, eta geure burua eskaini EH Bilduk Pasaiarako duen proiektua osatzeko. Geurea, herri bizi baten aldeko apustua da”.

Jarraian, datozen hauteskundeetarako Pasaiako EH Bilduk aurkezturiko hautagaitza:

1 - Teo Alberro Bilbao
Trintxerpe. Finantza sektoreko langilea eta irakasle ohia.
2 - Aintzane Taberna Ezkurra
Donibane. Langile soziosanitarioa.
3 - Iraitz Pazos Lapido
Trintxerpe. Ingeniaria.
4 - Laura Ré Lozano
Antxo. Ikus-entzuneko komunikatzailea.
5 - Miguel Mari Torrea Etxabe
San Pedro. Irakaslea eta errealizadorea.
6 - Aitor Brion Barneto
Antxo. Abokatua.
7 - Natitxu Etxarri Aizkorreta
Donibane. Jubilatua.
8 - Amaia Muguruza Arregi
San Pedro. Irakaslea.
9 - Mikel García Peñil
Antxo. Jubilatua.
10 - Mari Luz Etxaniz Rojo
Trintxerpe. Margolaria.
11 - Miren Murua Arrizabalaga
San Pedro. Ingeniaria.
12 - Joanes Bereziartua Zurutuza
San Pedro. Irakaslea.
13 - Gotzone Goienetxea Goikoetxea
Donibane. Ostalaria.
14 - Ander Arrieta Mariño
Antxo. Gizarte langilea.
15 - Iñigo Beraza Iglesias
San Pedro. Zerbitzu teknikoaren arduraduna.
16 - Ainhoa Calvo Maneiro
Donibane. Irakaslea.
17 - Ramontxo Illarregi Elberdin
Trintxerpe. Operarioa.
18 - Garazi Eizagirre Sagarzazu
Donibane. Irakaslea.
19 - Josema Elizazu Indakoetxea
San Pedro. Jubilatua.
20 - Junkal Mintegia Arregi
Antxo. Kultura dinamizatzailea.