AKTUALITATEA


| 2020-05-24 15:20:00

Maiatzaren 14an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei egiten dien diru-banaketan %20ko murrizketa aplikatzeko Diputatu Kontseiluaren aldebakarreko erabakia.

Bai, aldebakarrekoa, udalei ez baitzitzaien inongo aukerarik eman erabaki horretan parte hartzeko edota iritzia emateko. Horrelako erabakiei buruz hitz egiteko toki beharko zukeen Gipuzkoako Finantzen Kontseilua hurrengo egunean bildu zen eta dagoeneko hartuta zegoen, beraz, bilera erabakiaren berri emateko izan zen soilik.

Bilera horretara, EH Bilduk proposamen bat eraman zuen Gipuzkoako 56 alkatek sinatutako proposamen alternatibo bat. Baina bertan zeuden agintariek muzin egin eta euren erabakiarekin aurrera egitea erabaki zuten. Gure proposamenak beraz, ezezko borobila jaso zuen momentuan bertan.

Udalak –horien artean Pasaiako Udala–, herritarren beharretatik gertuen dauden erakundeak izateaz gain, lehen mailako erakundeak dira, Udal Legeak aitortzen duen bezala. Zentzu honetan, euskal erakundeen arteko diru-banaketan aldaketarik egon behar bada, erakunde guztien artean eztabaidatua eta adostua izan behar luke, aldeek informazioa modu gardenean partekatu ondoren eta inola ere ez aldebakarrez.

Erabaki hau are larriagoa bihurtzen da kontutan hartzen badugu lehenengo aldia dela Gipuzkoako Foru Aldundiak itzulketa hori urte berean egitea eskatzen duela. Honek, nola ez, hautsak harrotu ditu eta aurretik aipatutako 56 alkateei (44 EH Bilduko eta 12 independente) PSE-EEko 8 alkate batu zaizkie. Beraz, Gipuzkoak dituen 82 alkatetatik 64 kexu azaldu dira Aldundiak hartu duen aldebakarreko erabakiaz.

Zein ondorio izango ditu erabaki honek Pasaian?

Zerbitzu publikoak garatzeko ezinbestekoa den finantzazioaz ari gara hizketan, udalen eguneroko kudeaketan eta herritarren bizitzan eragin zuzena duten erabaki politikoez. Kontutan hartzen badugu Pasaiako Udalak jasoko duen murrizketa 2.346.393,89€koa dela, Pasaiak duen aurrekontu globalaren %10a kenduko digu Aldundiak, urte berean eta negoziaziorako aukerarik gabe.

Murrizketa horrela egiteak ondorio zuzenak izango ditu Udalak aurten eskainiko dituen zerbitzuetan, horietako asko finantzazio txikiagoarekin egingo direlako edo batzuk zuzenean bertan behera utziko direlako. Aldundiaren erabakiak indarrean zegoen aurrekontuan murrizketa nabariak egitea ekarri du eta honek zuzenean udal zerbitzuen kalitatean izango du eragin zuzena. Murrizketa horien artean hain zuzen euskara, gazteria eta kulturari dagozkionak daude.

Honen aurrean ezin dugu isilik geratu, ondorioz, datorren asteartean (hilak 26) ospatuko den udalbatzarrean mozio bat aurkeztuko dugu UFFFri buruzko elkarrizketaren aldeko apustu irmoa egiten duena eta Diputazioari aldebakarrez hartutako erabakia berraztertzeko eskatzen diona, besteak beste.