AKTUALITATEA


| 2022-09-29 11:25:00

Pasaiako PSE-EEk eta EAJk osatutako udal gobernuak uztaila bukaeran San Pedroko goiko auzoetako – Gran Sol, Pablo Enea eta Kanpitxu – eskailera mekanikoen inguruan egindako adierazpenak erabat arduragabeak eta tokiz kanpokoak dira. Eskailerak mantenu gabezia larriak zituztelako aritu dira gelditzen eta horiek konpontzeko arduraduna udal gobernua da.

Uztailean egindako adierazpenean, bizilagunengan jarri zuen udal gobernuak arazoaren fokua, eskailera mekanikoak «bertako bizilagunek eragindako kalteengatik» gelditzen zirela argudiatuz. Baina EH Bilduren ustez, ez da zilegia ezta arduratsua ere eskaileren egoeraren inguruko errua bizilagunei botatzea, are gehiago jakinik eskailera horiek mantenu gabezia larriak eta oso larriak izan dituztela azken boladan.

Hala dio mantenuaz arduratzen den enpresak 2021. urtearen bukaeran egindako txostenak. Bertan 36 irregulartasun topatu zituzten teknikariek eskaileraren lau zatietan. Ez hori bakarrik, baizik eta udalak berak 2022ko martxoan kontratatutako ikuskapen tekniko batek eskaileren zenbait elementu egoera «larrian» eta «oso larrian» zeudela argudiatu zuen, eta lehenbailehen aldatu behar zirela horiek eskaileren funtzionamendu egokia bermatzeko.

Hori horrela izanik, EH Bilduk uste du udal gobernua berriro ere utzikeriaz aritu dela berriz ere bizilagunei gobernu honen gabezien errua botatzen eta eskaileren konponketa lanak ahalik eta gehien atzeratuz dirua aurreztu nahian. Honek, Gran Soleko, Pablo Eneako eta Kanpitxuko bizilagunen ongizatea kaltetu besterik ez du egin, honen ondorio zuzena bizilagunek udaran antolatutako manifestazioak izanik. Manifestazio hauen ondorio da orain udal gobernuak eskaileretan egoera txarrean dauden elementu horiek konpontzeko dirua bideratu izana, dagoeneko konponduta egon behar zuten elementuak aldatzera, alegia.

Amaitzeko, EH Bildutik gogorarazi nahi dugu goiko auzoetako irisgarritasuna bermatzeko ezinbestekoak direla mugikortasun bertikaleko elementuak eta horiek egoera ahalik eta onenean mantentzea. Horretarako, udal gobernuari horien mantenua bermatzeko beharrezkoa den dirua bideratzeko eskatu nahi diogu, baita bizilagunei deia egin horiek arduraz erabili eta zain ditzaten.