AKTUALITATEA


| 2021-05-27 11:45:00

Pasaiako eta Donostiako EH Bilduko zinegotziek lore-eskaintza egin dute gaur, maiatzak 27, goizeko lehen orduan, Ategorrietako sarraskiaren 90. urteurrena oroitzeko. Egun honetan, Pasaiako portuko zazpi langile hil eta dozenaka zauritu zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Trintxerpetik Donostiako erdigunera manifestazioan zihoazela, lan-baldintza penagarriengatik protesta egiteko.

Honekin lotuta, Pasaiako EH Bilduk eskaera egin zion Pasaiako udal gobernuari Donostiako Udalarekin eta eragileekin elkarlanean, gaur, sarraskiaren 90. urteurrena betetzen den egunean, aitortza instituzionalerako ekimena egin zezan. Bi udalek ekimen hori ez egitea erabaki duten arren, alderdi guztiok aho batez onartutako adierazpen instituzionala onartu da Pasaiako zein Donostiako bozeramaileen artean.

Bestalde, aste hauetan egiaztatu ahal izan dugu EH Bilduren proposamen honek harrera oso ona izan duela pasaitarren zein donostiarren artean. Pertsona askok aitortu dute ez zutela gertaera dramatiko horren berririk, nahiz eta Euskal Herrian egindako langileen sarraski handienetako bat izan.

Berezi hunkigarria izan da sarraskiaren biktimetako baten senitartekoak EH Bilduk urteurrenaren inguruan antolatutako hitzaldi batean parte hartu izana. Biktima hark oso denbora gutxi zeraman Euskal Herrian, Galiziatik etorri zen Pasaiako portuan lan egitera, eta iritsi bezain laster, bere lankideen aldarrikapenekin bat egin zuen. Bere konpromisoa heriotzarekin ordaindu zuen, baina haren familia, milaka eta milaka pertsona migratzaile bezala, hemen geratu zen bizitzera eta lan egitera. Gaurko ekitaldi xume honek balio dezala, halaber, euren herrialdea utzi behar izan zutenen eta, 1931ko maiatzaren 27an bezala, gaurko Euskal Herria eraikitzen lagundu zuten guztien oroimena aldarrikatzeko.

Baina euskal langileen borrokak ez ziren hasi, ezta amaitu ere, 1931eko udaberri itxaropentsu hartan. Gure historian zehar, borroka sindikal eta sozialak ugariak izan dira. Greba, manifestazio eta pikete horiek gabe, ezin izango genuke gaur egungo gizarte-babesaren eta lan-eskubideen mailaz hitz egin. Gure herriaren historiaren zati bat da hori guztia, nahiz eta zenbaitetan iragana deserosoa izan daitekeen.