AKTUALITATEA


| 2021-11-10 12:20:00

2022ko Pasaiako udal aurrekontuari zuzenketak aurkezteko epea amaituta, EH Bilduk 32 zuzenketa partzial eta osoko zuzenketa bat aurkeztu ditu. Zuzenketa egingarriak eta bideragarriak dira, bai teknikoki, bai ekonomikoki; izan ere, une honetan, Pasaiako Udalak aparteko kredituak ditu, pandemian zehar galdutako zerbitzu publikoak berreskuratzeko eta, batez ere, inbertsio zehatzetarako funtsak bideratzeko. Aurkeztutako zuzenketen helburua da koalizio abertzalearen ikuspegitik pobrea eta anbizio gutxikoa den aurrekontua hobetzen saiatzea.

EH Bilduk aurkeztutako proposamenak, besteak beste, gizarte politika aktiboak sustatzera zuzenduta daude, gizarte larrialdietarako laguntzak areagotuz. Bizitza soziala eta asoziatiboa berreskuratzeari, kultura, gazteria eta kirol arloetan aurrekontu prepandemikoak berreskuratuz (gutxienez), eta euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeari, programa eta kreditu-lerro berrien bidez. Horretaz guztiaz gain, tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeari bultzada sendoa ematearen alde gaude, horretarako 200.000€ baino gehiagoko funtsa bideratuz, eta, azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa enplegua bultzatzeko eta udal etxebizitza-politika aktiborako, gazteen emantzipazioa eta laneratzea lehenesten eta sustatzen duen etxebizitza- eta enplegu-plan batekin.

Inbertsioak barruti guztietan

Hobetzeko proposamen horiekin guztiekin batera (bostehunmila euro inguru), EH Bilduk milioi bat euroko inbertsio proposamen zehatzak aurkeztu ditu. Inbertsio horien helburua udalerriko eta barrutietako oinarrizko azpiegiturak hobetzea da. Besteak beste, 150.000€-ko funtsa Karmengo Ama ikastetxeko patioa estaltzeko, Mendiolabidea urbanizatzeko proposamena Azkuene 42ko luiziari irtenbidea emateko eta Rabanne plaza sortzeko, Ziriza eraikinaren eta Trintxerpeko Correosen arteko orubean berdegune bat eta aparkaleku txiki bat eginez. Donibanen 200.000 €-ko funtsa bideratzea proposatzen dugu, itsaslabarraren eta mendi magalen egoera aztertuko duen azterlan geologiko bat egiteko, bai eta mendian zehar gasa bezalako udal-zerbitzuak sartzeko aukera aztertzeko ere. San Pedroren kasuan, Kanpitxu auzoaren asfaltatzea proposatzen dugu, errepidea egoera negargarrian baitago eta horretarako 100.000€ proposatu ditugu. Eta, azkenik, Antxoko Biteri plazan kirol anitzeko pista bat jartzea proposatzen dugu, horretarako 55.000€ bideratuz. Horrez gain, Luzuriagako eraikin soziokulturala lagatzeko Espainiako Estatuaren Aurrekontu Orokorretan aurkeztutako zuzenketa ere aurkeztu dugu.

Era berean, barrutietara zuzendutako inbertsio-proposamenez gain, EH Bilduk proiektu orokorragoak ere proposatu ditu, hala nola, udal-eraikinetan eguzki-plakak jartzea, itsasoaren ur-mailaren ingoeraren eragina neurtzeko azterlana, udalerriko errepideak eta zebrabideak pintatzeko plan bat eta ludotekak, gaztelekuak eta kultur etxeak bezalako udal-ekipamenduak hobetzeko diru-funtsak.

Hori guztia aurkeztu zaie dagoeneko PSE-EEri eta EAJri, eta orain arte izan duten jarrera aldatzea espero dugu. Gure planteamendua asmo handikoa da, baina, batez ere, inor atzean ez uztea du helburu.