AKTUALITATEA


| 2023-05-08 19:00:00

Pasaiako badiari behar duen bultzada emateko garatu dugun plana aurkeztu dugu gaur, “Etorkizuneko Badia” delakoa. Berrikuntza eta elkarbizitza ditu gako plan horrek, eta herritarrak ardatz hartuta, enplegua, gizarte-kohesioa eta ingurugiroa ditu helburu.

Maddalen Iriarte Ahaldungai Nagusiak azaldu duenez, itsas ekonomia edo ekonomia urdina garatzea izango da EH Bilduren apustua: «Gailuen elektrifikazioa, itsas-errobotika edota itsasoarekin loturiko kontsumo produktu berriez ari gara hizketan. Jarduera horietako batzuk eskatuko dute uretik gertu egotea eta uste dugu portuak hori ahalbidetzeko urratsak eman behar dituela». Beste jarduera batzuk berriz, ura bertatik bertara behar ez dutenak, eskualdeko industria-guneetan kokatuko lirateke.

Herrien eta portuaren arteko elkarbizitza errazteko konponbideak bilatuko ditugu EH Bilduko kideok, uste baitugu industria jardueraren garatzaile bezainbeste, herritarrekiko eta ingurumenarekiko arduratsua izan behar duela badia. “Egungo zein etorkizuneko jarduerek inguruko herrien eta portuaren arteko harreman hobea sustatu dezaketela sinetsita gaude, muga marjinalak hobetu ditzaketela, baita herritarrekiko harremana ere. Horiek dira, beraz, gure apustuak, eta hauek garatzea da nire konpromisoa”, adierazi du Iriartek.

“Etorkizuneko Badia” proposamena eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutakoa dela azaldu du, berriz, Teo Alberro EH Bilduren Pasaiako alkategaiak: «Askotariko eragileekin hamaika bileretan landu eta partekatu ditugu gure asmoak. Herritarrek etxeetan jaso dituzte jada eta dokumentu bizia den heinean guztion ekarpenak jasotzen jarraituko dugu». Egungo agintariek azken zortzi urteetan erakutsi duten utzikeria ere salatu du Alberrok, eta horren kontrara eskualdeko lau alkatetzetatik eta zehazki Pasaiako alkatetzatik hitzeman ditugun proiektuak garatzeko konpromiso berretsi du: «Herritarrekin egingo dugu, hori delako politika ulertzeko guk dugun modua, herritik, herriarentzat, baina batez ere herritarrekin».

Hemen deskarga dezakezu planari dagokion dokumentua PDF bertsioan: Etorkizuneko Badia