AKTUALITATEA


| 2021-05-11 15:44:00

Memoria Demokratikoaren Legearen markoaren baitan, zeinaren aurreproiektua irailaren 15eko Ministroen Kontseiluan onartu zen eta oraindik Kongresuan tramitatzeke dagoen, EH Bilduk "aukera bat ikusten du eztabaidaren erdigunean frankismoaren krimenen zigorgabetasuna eta biktimentzako benetako erreparazioaren beharra kokatzeko". Hori dela eta, 'Memoria Historikoaren eta Errepresio frankistaren Jardunaldiak' antolatu ditu Sartagudan, Sabino Cuadra abokatu eta diputatu ohiak eta Bel Pozueta EH Bildu Nafarroako diputatuak parte hartuko dutelarik.

EH Bilduk "erakundeen eta Nafarroako mugimendu memorialistaren arteko zubia" izan nahi du. Hala, Sartagudako topaketak "lege-aurreproiektuari buruz dugun ikuspegia partekatzeko eta Memoria Historikoarekin konprometituta urteak daramatzaten pertsonen ahotsak entzuteko gunea izan nahi du; ondoren, dokumentu integral bat egiteko helburuarekin, esparru sozial, memorialista eta instituzionalean lan egiteko tresna gisa erabiltzeko".

Horren harira, EH Bilduk dekalogo bat aurkeztu du, jardunaldien oinarri izango dena, eta mugimendu memorialistak planteatutako hiru aldarrikapen nagusiei erantzuten diena: "Egia bilaketa, Justiziaren lorpena eta Errepresio frankistaren biktima guztientzako Erreparazioa lortzea".

EH Bilduk irmoki defendatzen du "frankismoak ezkutatuta eta isilduta izan dituen iraganeko egia guztiak argitara ateratzeko beharra, Egiaren Batzordeak sortuz". Justizia arloan, EH Bilduk "premiazkotzat" jo du Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea, "gardentasunaren eta herritarren informazio eskubidea aitortzearen printzipioetan oinarritutako lege berri bati bide emateko".

Halaber, EH Bilduk azpimarratu duenez, "frankismoak egindako kalteengatiko erreparazioak globala izan behar du, eta giza eskubideak urratu ziren eremu guztiak hartu behar ditu". Horretarako, "ezinbestekoa da Espainiako Estatuak jarrera proaktiboa hartzea".

'Memoria Historikoaren eta Errepresio frankistaren Jardunaldiak' datorren larunbatean, maiatzak 15, izanen dira, Sartagudako Kultur Etxean, goizeko 10:30ean. Parte hartzea zabalik dago eta nahi duenak izena eman dezake https://izenaeman.ehbildu.eus/eu/memoriajardunaldiak webgunean.