Belate tuneletako eta N-121-A errepideko korridore osoko obrek kaltetutako zonaldeko EH Bilduko alkateekin bilera egin ondoren, adierazpenak egin ditu Laura Aznal Nafarroako bozeramaileak.
Laura Aznal, Nafarroako EH Bilduko bozeramailea.
“Topaketa honen helburu nagusia izan da zuzenean partekatzea eskura dugun informazio guztia, obrak gelditzeak sortutako egoera eta lizitazio prozesu berri batekin obrei ekiteko Gobernuak egungo kontratua eteteko hartutako erabakiaren aurrean. Alkateekin gobernuak egingo duen bileraren aurrean, argi utzi nahi dugu EH Bildutik erakundeen arteko parte-hartze maximoa, gardentasuna, ziurtasunak eta bilera ahalik eta lasterren egitea eskatzen dugu.
Azterketa bateratu horren ondoren, berriz ere errealitate eztabaidaezin bat ikusten dugu: obra hau eta korridore osoaren hobekuntza integrala premia absolutu eta atzeraezina dira. Ezin dugu onartu gertatutakoek epeak mugarik gabe atzeratzea; obrak jarraitzea izan behar du lehentasuna. Horregatik, interes orokorra lehenestea eskatzen dugu. Hau da, hemendik aurrera ere abal juridikorik gabe diru publikotik euro bakar bat ere ordaintzen ez dela eta interes publikoa defendatzen dela bermatzea.
Publiko egin genuen bezala, Aholkularitza Juridikoaren azken txostena eman zigun gobernuak, eta aztertu ondoren, ondorioztatu genuen 2025aren amaieran egiaztatu zena errepikatzen duela: gainkostuak enpresen onuraren ondorio direla. Baina ohartarazten dugu: enpresek ezin dute beren interes partikularra ase babes juridikorik ez duten diru publikoarekin.
Lehentasunezkoari, obrari alegia, irtenbidea eman ondoren, gobernuak bere osotasunean azterketa bat egin beharko du, lehenik eta behin egoera horretara nola eta zergatik iritsi den argituko duena, eta enpresen maltzurkeriak zer ondorio izan ditzakeen argituko duena, eta bigarrenik, horrelako zerbait berriro ez gertatzeko bermeak eskainiko dituena”.
Fernando Anbustegi, Baztango alkatea:
“Udal ordezkari gisa, inguruko alkateak gara gure bizilagunen eguneroko kezkak hobekien ezagutzen ditugunak, eta gaur egun sentimendu orokorra kezka handikoa da. Urte asko daramatzagu obra hau eskatzen. Udalek beti adierazi dute kezka hori eta aurrera egiteko beharra. Errepide honen inguruan gabiltzanok eta lan egiten dugunok ezin dugu-eta bide saturatu baten arriskuak gure gain hartzen jarraitu.
Gogoratu behar da N-121-A errepideko korridore guztiaz ari garela, trafiko-presio oso handia jasaten duen funtsezko ardatza baita. Eguneroko arriskuaren ideia bat egiteko, bide horrek, batez beste, urtean ehun ezbehar baino gehiago izaten ditu trazadura osoan, eta arrisku handiko tarteak eta garraio astunaren bolumen kritikoa biltzen ditu.
Dakizuenez, Gobernuak publikoki iragarri du gurekin bilduko dela bere konponbide proposamena zehazteko. Entzutera joango gara, noski. Obra berriz hasteko eta amaitzeko epe zehatzak ezagutu nahi ditugu, eta, gainera, gure bizilagunen segurtasuna merezi duen lehentasunarekin tratatuko dela bermatu nahi dugu. Baina oraingoz EH Bilduko alkateok, behintzat, ez dugu deialdirik jaso; gobernuari eskatzen diogu lehenbailehen bildu gaitezen. Ez dugu gehiago itxaron”.