AKTUALITATEA


| 2024-09-18 09:16:00

EH Bilduk bere egin ditu Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak merezimenduen dekretuari egindako balorazio eta kritikak, "hizkuntz-eskubideen murrizketak eragin, eta euskara, berdintasuna eta milaka nafarren eskubideak mespretxatzen” dituela adieraziz, eta ekimen bat aurkeztu du foru Parlamentuan “nafar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuz”.

Irailaren 12an tramitatu zen Euskararen Nafar Kontseiluan Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen Foru Dekretua, eta

Nafarroako Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kontrako boza eman zioten dekretuaren testuari. Zehazki, kontrako 12 boto jaso zituen, sei abstentzio eta aldeko bakarra. “2017an onartutako Euskararen Dekretuaren edukia hustu da, eta Nafarroako hizkuntza-politika ikuspegi partzial eta erabat murriztailean oinarritzen ari da. Gainera, dekretuak izango lituzkeen ondorioei dagokienez, datozen hamarkadetan hizkuntza berdintasunari eta euskararen erabilerari kalte egingo lieke”, salatu dute.

Gogoratu behar da 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan, haren erakunde autonomoetan eta haien mendeko zuzenbide publikoko entitateetan 2019an euskararen erabilera arautzen duena – UGT sindikatuak hala eskatuta– baliogabetu egin zuela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. “Baliogabetutako artikuluek auzitan jarri zituzten euskararen presentzia Nafarroan, etorkizuna eta hiztunen eskubideak. Ordutik, hizkuntza-eskubideen egoerak okerrera egin du, eta dekretu berriak ez du egoera hobetzen, atzerapauso bat gehitu gehiago baizik”.

Euskalgintzatik gogorarazi duten moduan, gaur egun, irakaskuntzan izan ezik, Nafarroako lanpostu publikoen % 2k bakarrik dute bi hizkuntzetan harremana bermatzeko gaitasuna, eta horietako gehienak eremu euskaldunean daude. Dekretuak ere murrizketak egingo ditu eremu honetan.

Ildo horretan, EH Bilduk defendatu du Euskararen Nafar Kontseilua Nafarroako Gobernuaren aholkularitza- eta kontsulta-organo gorena dela eta, beraz, “ezinbestekoa da Barne Departamentuak, Justizia Funtzio Publikoak eta Nafarroako Gobernuak Euskararen Nafar Kontseiluko adituen iritzia aintzat hartzea”.

Hori dela eta, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan datorren Osoko Bilkuran, irailaren 19an, zeina eztabaidatu eta bozkatuko den. Ekimen honen bidez talde parlamentarioak eskatzen du “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzeko, Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen foru dekretu proiektuari dagokionez, irailaren 12an Euskararen Nafar Kontseiluak egindako txostena kontuan har dezan, organo hori hizkuntz politikan Nafarroako Gobernuak duen organo aholku-emaile gorena baita”.

Horrekin batera, “Nafarroako Gobernua premiatzen du ez dezan foru dekretu proposamen hori onetsi, eta Nafarroako Administrazioan euskararen normalizazioa eta nafar guztion hizkuntz eskubideak benetan bermatuko dituen foru dekretua gara dezan”, eta “303/2019 Foru Dekretuaren 25. artikulua aldatzeko, Euskararen Nafar Kontseiluaren irizpenak lotesleak izan daitezen”.