AKTUALITATEA


| 2025-06-13 11:14:00

EH Bilduk funtsezkotzat jo du udal eskumenak eta Foru Gobernuarenak konbinatu eta koordinatzea, udalerri bakoitzaren errealitatera egokitutako neurri eraginkorrekin Plan Espezifikoak egiteko.

EH Bilduk, etxebizitza duin bat izateko eskubidearekin duen konpromisoan, plan espezifikoak lantzen dihardu etxebizitza eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan, proposamen estrategiko eta integral bat udalerriei tresna erabilgarri eta moldagarriak emateko, etxebizitza eskuragarriaren, jasangarriaren eta sozialki arduratsuaren aldeko politikak bultzatzeko.

Formazioak tentsio handiko eremu izendatu berri diren udalerrietako (Iruñea, Egues, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Baztan, Altsasu, Uharte eta Berriobeiti) udal ordezkariak bildu ditu gaur. Udal horiek, Nafarroako Gobernuarekin batera, etxebizitza eskuragarriago egiteko tresnak emango dituzten Plan Espezifikoak sortuko dituzte datozen hilabeteetan. Gaur argitaratu da NAOn eremu tentsionatuak izendatzen dituen foru agindua.

Lan saioaren helburua esperientzia positiboak partekatzea izan da, tokiko gobernuei neurri praktiko eta koordinatuak eman ahal izateko, udalen eskumen esparrutik egungo erronka sozial nagusietako bati erantzun ahal izateko: etxebizitza eskuragarria eta duina izatea bermatzea, bereziki zaurgarritasun testuinguruetan. Jarduera ildo nagusiak honako hauek dira: etxebizitza sozialak bultzatzeko udal baliabideen erabilera, erabilera lagapeneko kooperatiben sustapena, hiri birgaitzea eta eraberritzea, hutsik dauden etxebizitzen mobilizazioa edo apartamentu turistikoen ugaritzearen kontrola.

Neurri-multzo hori ibilbide-orri malgua da, udalerri bakoitzeko ordezkariek beren demografia-, gizarte-, ekonomia- eta hirigintza-errealitatera egokituko dutena berariazko planak egiten diren bitartean. Plan horiek gobernuak aurkeztutako plan orokorrean jasotako neurriekin osatuko dira.

EH Bilduk administrazioen arteko lankidetza-konpromisoa berresten du, bai eta gizarte-erakundeekin eta kooperatibekin eta etxebizitzaren arloko sektore ekonomiko eta teknikoarekin batera lan egiteko konpromisoa ere.