Alderdi subiranistak bat egin du familiekin eta adierazi du albiste ona dela Hezkuntza Departamentuak atzera jo izana Barañaingo Alaitz eta Antsoaingo Ezkaba eskola publikoetan bi urteko gela solte berriak sortzeko erabakian. “Agerian geratu da 0-3 zikloak planifikazio bat behar duela ziklo integrala izan dadin, eta horretarako egoera aztertu eta irizpide argiak aldez aurretik ezartzea ezinbestekoa da”, adierazi du Eneka Maiz EH Bilduren Hezkuntza bozeramaileak.
EH Bilduk hasieratik defendatu duen ildotik, “elkarlana beharrezkoa da toki administrazioekin eta hezkuntza komunitatearekin batera, haiei hitza eman eta adostasunetara iristea da bidea” eta “zorionez, hala izan da”. Izan ere, “familiek ahotsa altxatu izan dute 0-3 zikloaren bateratasuna eta hezkuntza izaera aldarrikatzeko eta eurek egindako lanak emaitza izan du”.
Horrekin batera, Maizek balioan jarri du EH Bilduk, 0-3 zikloa duintzeko helburuarekin, foru Gobernuarekin azken urteotan sinatutako aurrekontu-akordioetan egindako ekarpenek “lorpen garrantzitsuak” eragin dituztela.
Ildo horretan, “sistema integral eta homogeneo bat ezartzeko bide-orri zehatza adostu beharra dago oraindik, eskaintza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan dadin, gainerako hezkuntza-etapen modura”, azpimarratu du. Hala, Hezkuntza Departamentuarekin eta hezkuntza komunitatearen eskutik 0-3 ziklo duin baten alde lan egiteko bere konpromisoa berretsi du EH Bilduk.