EH Bilduk martxoaren 16an abiatu zuen Etxebizitza ez da jolasa dinamika mobilizatzailea, Donostian; eta apirilaren 2an, Iruñean izango du jarraipena. Etxebizitza ez da jolasa. Soluziobidean jardunaldiak antolatu ditu alderdi subiranistak, etxebizitza larrialdiari buruz eta mahai gainean jartzen ari diren soluziobideen inguruan hausnartzeko. Jardunaldiak 19:00etan hasiko dira, Iruñeko San Francisco eskolan.
Kongresuko EH Bilduko diputatu den Oskar Matutek eskainiko du hitzaldi nagusia, etxebizitzaren problematikaren nondik norakoak azaldu eta etxebizitza bezalako oinarrizko eskubidearekin negozio zeinek eta nola egiten duen argitzeko. «Etxebizitzarena herritarrentzako arazo nagusietako bat bihurtu da. Urteak dira politika permisiboak izan ditugula, eta pertsona guztientzat erabat bermatuta egon beharko lukeena luxu bihurtu da», azaldu du EH Bilduk ohar bidez. «Arazoa hain da handia, ezen makillaje-politikek ez baitute balio, etxebizitza-politika zaharrak berri gisa aurkezteak espekulatzaileei edo funts putreei bakarrik mesede egiten die mesede».
Herrialdean lurreratuko dute ondoren etxebizitzaren problematika, Nafar esperientziak deituriko mahai-inguruaren bitartez. Mugimendu independentistak azaldu duenez, EH Bildu «aitzindaria» izan da administrazioei bestelako etxebizitza-politikak egitea ahalbidetuko dieten tresnak emango dizkieten akordioak bilatzen, baita tresna berri horiek erabiltzerakoan beste etxebizitza politika batzuk martxan jartzeko ere. Horren adibide diren EH Bilduk gidatutako Iruñeko eta Arakilgo Udalen esperientziak ezagutzeko aukera izanen da jardunaldietan, Joxe Abaurrea, Oihana Olaberria eta etxebizitza gaiaz arduratzen den Mikel Zabaleta foru parlamentariarekin batera. «Etxebizitzaren arazoari irtenbideak bilatzearekin konprometituta gaude eta ongizatearen berme izanik, pertsonak eta haien interesak bakarrik jartzen ditugu erdigunean», adierazi dute.