AKTUALITATEA


| 2026-09-15 11:42:00

EH Bilduko talde parlamentarioak 18 ekarpeneko bloke bat aurkeztu du Industriari eta Enpresa Sustapenari buruzko Foru Legearen proiekturako. Ekimen honen bidez, ezker subiranistak Nafarroako industria sarea babestu nahi du, ekimen publikoa pribatuaren gainetik bultzatuz eta sektoreko enpleguaren kalitatea bermatuz. EH Bilduren proposamenen muin nagusiak enpresen deslokalizazioa saihestera, funts publikoen erabilera egokia bermatzera eta langileen lan baldintzak hobetzera bideratutako bi neurri handitan jartzen du arreta, lan harremanen Nafarroako esparrua bultzatuz.

EH Bilduren ustez, funtsezkoa da irizpideak gogortzea, tokiko enplegua suntsitzen duten praktikak egiten dituen enpresa bakar batek ere dirulaguntzarik jaso ez dezan. Neurri honekin deslokalizazioei bidea itxi nahi zaie, Nafarroako enplegua babestuz. Lan arloan, EH Bilduk Nafarroako industrian lan baldintzak blindatzearen aldeko apustua egiten du, lurraldean bertan negoziazioa lehenetsiz langileentzat onuragarriagoak ez diren estatu markoen aurrean.

Bi lehentasun horiekin batera, aurkeztutako 18 ekarpenek – horietako 14 Contigo Zurekinekin bultzatuak – Nafarroako industriarako ikuspegi integrala osatzea dute helburu. Ekimen multzo honek funtsezko gaiak jorratzen ditu, hala nola gehieneko lanaldia asteko 35 ordura murriztea, lan ezbeharren tasa murriztea, berdintasun planen inplementazioa bermatzea, enpleguaren suntsipena saihestea, belaunaldien arteko erreleboa sustatzea eta eredua lurraldean integratzen dela ziurtatzea. Era berean, elektrizitatea sortzeko proiektuak bultzatzea titulartasun publikoko iturri berriztagarriekin eta partaidetza komunitarioarekin, titulartasun publikoko ekimen industrialak sustatzea eta enpresetan azpikontratazioak mugatzea proposatu du EH Bilduk, enplegu duina eta eskubideduna bermatzeko.